Mundua -
G20ren goi-bilera
Istilu gehiago Hanburgon, G20ren goi-bileraren azken gauean
Poliziak segurtasun neurriak indartu ditu, eta lekura hurbildu diren bisitariei bertatik aldentzeko eskatu diete, agenteen lana ez zailtzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Egunotan Hanburgon egiten ari diren G20ren goi-bileran globalizazioaren kontrako taldeek deitutako protestak nagusi izaten ari dira. Gutxienez 197 polizia zauritu dira azken orduotan poliziaren eta manifestarien artean izandako istilu larrietan. Ondorioz, gauean 70 bat lagun atxilotu dituzte.
Hanburgoko Poliziak jakitera eman duenez, St Pauli auzoan eta “Rota Flore” taldeak okupatutako etxearen inguruetan sortu dira istilu larrienak. Zehazki, nazioarteko ekonomia nagusietako eta suspertzen ari diren herrialdeetako buruak elkartu diren egoitzatik gertu izan dira liskarrak.
Manifestariek autoak erre dituzte bart gauean, eta zenbait dendetako erakusleihoak apurtu dituzte, NDR tokiko telebistak zabaldu duenez. Orduan, agenteek negarra eragiteko gasarekin erantzun du.
Poliziak Twitter bidez azaldu duenez, segurtasun neurriak indartu ditu kaleak zaintzeko, eta lekura hurbildu diren bisitariei bertatik aldentzeko eskatu diete, sortu litezkeen protestetan agenteen lana ez zail ez dezaten.
Globalizazioaren kontrako taldeek ostiralean deitutako protestak amaitu ostean, azken orduotan berriro bat egin dutela ziurtatu du Hanburgoko Poliziak.
Angela Merkel Alemaniako presidenteak G20ren goi-bilera amaitu orduko egindako agerraldian, gauean izandako istilu horiek “onartezinak” direla azpimarratu du.
“Indarkeria erabiltzen den manifestazioetan arriskuan jartzen da herritarren bizitza”, ohartarazi du Merkelek. Hanburgon egindako goi-bilera horretan Donald Trump AEBko presidenteak eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak bat egin dute.