Mundua -

Grezia

Bi hildako 6,4ko indarra hartu duen sismo batek Kos uhartea astindu ostean

100 zauritu inguru daude, bost larri. Gainera, portuan kalte material handiak zenbatu dituzte. Ferry batzuek beste uharteetan porturatu behar izan dute.

Suhiltzaileak pertsonak bilatzen hondakinen artean. Argazkia: EFE
Bi turista hil dira Greziako Kos irlan

1:27

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Richter eskalan 6,4 graduko indarra hartu duen lurrikara batek gutxienez bi hildako, hiru zauritu larri eta kalte material handiak eragin ditu Kos Greziako uhartea astinduta, Yorgos Kyritsis bertako alkateak adierazi duenez.

Hildakoak taberna batean zeuden sismoa izan denean, 01:30ean (22:30 GMT), eta lokaleko sabaia gainera erorita hil dira.

Giorgios Kyritsis Kos hiriko alkateak baieztatu du bi hildako, hainbat zauritu eta kalte material handiak izan direla, ANA albiste-agentziak zabaldu duenez. Hildakoak, horren arabera, 39 urteko turkiar bat eta 27 urteko suediar bat dira.

Reutersek aipatutako iturriek diotenez, gainera, gutxienez 100 pertsona zauritu dira uhartean. ANAk zehaztu du horietako bost larri daudela, eta helikopteroz eraman dituztela Kreta uhartera.

Lurrikarak kalte material handiak eragin ditu etxebizitza askotan, eta ikara zabaldu du herritarren artean; asko etxetik irten dira, errepliken beldur.

Uhartearen heren bat argindarrik gabe gertatu da dardara izan ostean. Rodas uhartean ere sentitu dute lurrikara, eta hipozentroa 10 kilometroko sakoneran kokatu dute, Rodas eta Kos uharteen artean, Atenasko Geodinamika Institutuak zabaldu duenez.

Kalteak, Askatasunaren Plazako meskitan. Argazkia: EFE

Kalteak, Askatasunaren Plazako meskitan. Argazkia: EFE

Kalteak, Askatasunaren Plazako meskitan. Argazkia: EFE

Lehen balantzearen arabera, San Nicolas eliza eta Askatasunaren Plazan dagoen meskitaren zati bat eraitsi dira, eta Aia Paraskeviren elizak kalte handiak jasan ditu.

Ezbeharraren ostean, hainbat ministro bertaratu dira uhartera, besteak beste, Nektarios Santorini Merkataritza Nabigazioaren ministroa. Santoriniren esanetan, Kos uharteko aireportua normaltasunez ari da orain, baina portuan kalte handiak eragin ditu sismoak, eta, hori dela eta, bi ferry handik gertu dauden bi uhartetan porturatu behar izan dute.

ERT telebista publikoan egindako adierazpenetan, Santorinik lasaitasunerako mezua zabaldu du, eta, baieztatu duenez, jada ez dago arriskurik, eta herritarrek ez dute beldurrik izan behar.

Institute of Geodynamics

Institute of Geodynamics

Lurrikara turismoak gora egiten duen sasoiaren hasieran izan da. Hango zenbait kazetarik esan dute turistak nahiko lasai daudela, gertatutakoa gorabehera.

Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren hitzetan, lurrikarak 6,7ko magnitudea hartu du. Sismo handiaren ondotik, 5,1 graduko erreplika izan da, Leros uhartetik 26 bat kilometro iparraldera, hipozentro berean, eta, geroago, 4,6, 4,5 eta 5,7 beste hiru izan dituzte, lehen lurrikaratik ez oso urrun.

Dardara Mugla Turkiako probintzian ere sentitu dute, eta ez omen du kalte handirik eragin, baina zenbait eraikinetan kalte txikiren bat izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Grezia Eguneko albisteak 2024ko seismoak