Mundua -
Agerraldia Kongresuan
Zapaterok ez du datarik jarri tropak Afganistanetik ateratzeko
Espainiako Gobernuko presidenteak uste du "goizegi" dela oraindik erretiroa zehazteko.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak iragarri du Afganistango misio militarrak "beharrezkoa den bitartean" iraungo duela, eta soldaduak Espainiara bueltan ekartzeko data jartzea "goizegi" dela gaineratu du, IU-ICVk, ERCk, BNGk eta NaBaik hala eskatu badiote ere.
Zapaterok agerraldia egin du gaur Kongresuan, Afganistango gerrari buruzko saio monografiko batean. Horretan, gobernuburuak azaldu du misio militarrak 1.900 milioi euroko gastua ekarri diola Espainiari 2002 urtetik, eta hemendik aurrera informazio gehiago ematea promestu du.
Bere hitzetan, "Afganistango misioa ez dago galduta. Irabazi egin dezakegu oraindik".
Gobernuburuak gogora ekarri ditu Afganistanen hildako 92ak, eta abuztuaren 25ean Qala e Naw base militarrean hildako bi guardia zibilen kasuan lau pertsona atxilotu dituztela aurreratu du.
Zapaterok aitortu du Afganistanen dauden 1.500 soldadu espainiarrak "gerra eszenarioan" daudela, eta haien lanari esker Espainia iraganean ikusi diren mehatxuetatik babesten ari direla azpimarratu du.
"Afganistanen jarraitu beharra daukagu, ditugun ardurekin, beharrezkoa den bitartean eta herrialde horretako, eskualdeko eta espainiarren segurtasuna arriskua dagoen bitartean, betiere nazioartearen zilegitasunaren eta adostasunaren baitan", esan du.
NATOk azaroan Lisboan egingo duen goi-bileran zehaztuko dute noiz hasiko den segurtasuna Afganistango indarren esku uzteko prozesua.
Prozesua hurrengo urtean hasiko da, eta 2014an bukatu, Hamid Karzai presidentearen arabera.