Mundua -

Erresuma Batua

‘Amildegia’ saihesteko aduana sistema bat ezartzea proposatu du Londresek

Londresek bere kabuz negoziatu nahi ditu merkataritzarekin lotutako gaiak nazioarteko herrialdeekin, oraindik finkatzeke dagoen epe batez.

Brexit-a. Artxiboko argazkia: EFE
Brexit-a. Artxiboko argazkia: EFE
Brexit-a. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brexitaren ostean enpresentzat zein herritarrentzat “amildegia” ekarriko lukeen egoera saihesteko aduana sistema propio bat proposatu du Londresek. Astearte honetan bertan aurkeztutako txosten batean, Europar Batasunarekin (EB) aduana sistema berria ezartzeko xehetasunak jaso ditu Erresuma Batuak. Dena dela, oraindik finkatzeke dagoen epe batez (urtebete edo bi urte) egongo litzateke indarrean.

David Davis brexit-a gauzatzeko ardura daukan ministroak gaur azaldu duenez, Europar Batasunari eta Erresuma Batuari “mesede” egingo lieke Theresa Mayren Gobernuak egindako proposamen horrek, izan ere, Londres eta Bruselaren arteko “dibortzioa” gauzatu ostean, merkataritzaren alorrean bien arteko aldea handia izatea saihestuko luke.

Davisek jakinarazi duenez, Theresa May lehen ministro kontserbadorearen gobernuak hurrengo egunotan kaleratuko dituen txostenen lehen alea da honakoa. Abuztuaren 28an hasiko dituzte negoziazioen hirugarren fasea Europar Batasunarekin, eta, ordurako, gai erabakigarriei buruzko nondik norakoak itxita izan nahi ditu Erresuma Batuak.

“Gure aduana sistematik aurreikusita dugun ondasunen joan-etorria funtsezkoa izango da merkataritza askerako garatu nahi ditugun politikei begira”, esan du Davisek ohar baten bidez.

Politikari kontserbadorearentzat, finkatzeke dagoen trantsizio epe horretan “negozio guztiak behin bakarrik egokitu beharko lirateke araudi berrira, eta horrek trantsizio lasai eta ordenatua ekarriko luke”.

Denbora horretan, Londresek bere kabuz negoziatu nahi ditu merkataritzarekin lotutako gaiak nazioarteko herrialdeekin, orain ez bezala, oraindik Europar Batasunaren kide denez ezin baitu bere kabuz negoziatu.

Aduana sistemen inguruan “asko sinplifikatutako” akordio bat sinatu nahi du Londresek, ahalik eta “desadostasun txikienak” eragin lezaketen baldintzak jarriz. Era berean, Europar Batasunak egun indarrean dituen akordio batzuei eutsiko lieke, baina beste batzuen bidez “merkataritzako hesiak” murriztu eta ezabatuko lituzke.

Beste alde batetik, egun indarrean dagoen araudia aldatuko luke Londresek, eta merkataritza alorrean Erresuma Batua eta Europar Batasunaren artean ezarritako aduanarekin amaituko lukeen akordioa itxiko luke.

“Etorkizunari begira Europar Batasunarekin lortzen dugun akordioa mesedegarria izango da bi aldeentzat”, esan du Davisek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Europako herrialdei buruzko albisteak Erresuma Batua Eguneko albisteak Brexit albisteak Theresa May albisteak