Mundua -
EBko goi-bilera
Ijitoen kanporaketekin aurrera jarraituko duela esan du Sarkozyk
Viviane Reding Batzordeko presidenteordearen "neurriz kanpoko" hitzak direla-eta "harrituta" agertu dira Europako buruzagiak.
Erredakzioa
Ijitoen kanporaketa politikarekin aurrera jarraituko duela esan du gaur Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. Sarkozyren hitzetan, Europar Batasuneko estatuburu eta gobernuburu gehienak "harrituta" agertu dira Viviane Reding Batzordeko presidenteordeak etorkin ijitoen kanporaketei buruz egindako "neurriz kanpoko adierazpenak" direla-eta.
Bruselan, Kontseilu Europarra amaitu ostean Frantziako buruzagiak azaldu duenez, Redingen hitzak "oso iraingarriak" izan dira, izan ere, Frantziaren politika Alemaniak Bigarren Mundu Gerran egindakoarekin alderatu zuen. Europako agintariak harritu dituzte adierazpenek, "gure herrikide ugari sakon zauritu zituelako gertakari historiko horrek", Sarkozyren esanetan.
Justizia komisarioaren adierazpen "iraingarrien" aurrean bere "betebeharra" estatuburu gisa "Frantzia defendatzea" zela azpimarratu du Sarkozyk. Hala ere, "Redingek barkamena eskatu du eta aintzat hartu dut", erantsi du Frantziako agintariak. "Frantziak erreakzionatu du, eta horrela jarraituko du EBko zuzenbidea errespetatuz", ziurtatu du.
Bestalde, Frantziako presidentearen arabera, datorren astean Alemania kanporaketa kolektiboak egiten hasiko dela iragarri du Angela Merkel kantzelariak.
Viviane Reding Justizia komisarioari jaramon egin edo ez erabakitzeko txosten bat egin behar du orain Europako Batzordeak. Izan ere, Frantziari espediente zabaltzea proposatu zuen Redingek.
Zapatero
Bestalde, ijitoen bizileku irregularrak "txarrak" direla adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak eta horregatik, Errumaniako eta Bulgariako ijitoen kanporaketak aurretik ez epaitzeko eskatu du, Europako Batzordeak ikertu bitartean.
Frantziaren aurka Redingek egindako akusazioak kritikatu ditu Zapaterok. Era berean, bileran Sarkozyk kanporaketak justifikatzeko azalpen "garrantzitsuak" eman dituela esan du agintariak.