Mundua -

Harrapatuta

Makina zulatzaile bat Txileko 33 meatzarien aterpetik gertu dago

Schramm T-130 makina zulatzailea 630 metroko sakonerara heldu da, meatzarien babeslekutik 200 metrora dagoen meazulo batera, hain zuzen ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Jose meategiko indusketa lanetan hasi zen bigarren makina zulatzailea harrapatutako 33 meatzarietatik gertu dago. Meatzarien aterpetik hurbil dagoen tailer batera heldu da makina gaur. Meatzariak abuztuaren 5ean harrapatuta geratu ziren, urre eta kobre meatokia eraitsi ostean. Meategia Atacama basamortuan dago.

Schramm T-130 makina zulatzailea (''B erreskate Plana''ren arduraduna) 630 metroko sakonerara heldu da, 33 meatzarien babeslekutik 200 metrora dagoen meazulo batera, hain zuzen ere, Pablo Ramirez obren buruzagiak La Tercera egunkariari jakitera eman dionez.

Makina irailaren hasieran hasi zen lanean eta orduko 18 metroko abiaduran zulatzen ari da. 30 zentimetroko zabalera duen hobi bat zulatzen du makinak. Behin jomugara helduta bigarren zulaketa bat egin beharko dute tunela handitzeko. 66 zentimetroko zabalera izango duen hobia egingo dute bertatik meatzariak ateratzeko.

Aginduak

Langileak iritsi daitezkeen leku batera heltzen den lehen makina da, eta dagoeneko indusketaren ostean makinak tailerrean utzitako harriak eta hondakinak mugitzeko agindua jaso dute meatzariek.

Bigarren fasea zenbait astetan zehar luzatuko dela adierazi zuen atzo Laurence Golborne Txileko ministroak, izan ere, makineria aldatu behar da tunela handitzeko. Ondorioz, 33 meatzarien erreskatea urria eta azaroa bitartean egitea ez zuen baztertu Golbornek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea