Mundua -
Afganistan
Gutxienez 35 lagun hil dira Kabulen, meskita baten kontrako atentatu batean
Gainera, 35 pertsona baino gehiago zauritu dira Estatu Islamikoak bere gain hartutako eraso horretan.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 30 pertsona hil eta 35 zauritu dira Kabulen ostiral honetan, gutxiengo xiitaren meskita baten kontra egindako atentatu suizida batean, Ismal Kawsi Afganistango Osasun Publikoko Ministerioko bozeramaileak jakinarazi duenez.
Ostiral goiz honetan izan da atentatua, xiitek otoitz egiten ari zirela, gainean lehergailuak zeramatzan gizonezko batek bere buruaz beste egin duenean. Jarraian, armatuta zihoazen hainbat gizon Afganistango hiriburuan kokatuta dagoen Imam Zaman meskitan sartu dira.
“Lehenbizi, gizonezko batek segurtasunaz arduratzen ziren bi gizon tirokatu ditu meskitako sarreran, eta barrura sartu ostean gainean zeraman lehergailua eztandarazi du”, esan dio Sayed Pacha lekukoak Reuters albiste agentziari.
Meskitan fededun askok otoitz egiten ari ziren unean izan da atentatua. “Hainbat pertsonek ihes egitea lortu dute”, azaldu dio lekukoak albiste agentzia britainiarrari.
Beste alde batetik, Najib Danish ministerio bozeramaileak Afganistango Tolo telebista kateari esan dionez, segurtasun indar bereziek erreskate operatiboa jarri dute martxan. Hala, erasotzaileek meskitan zenbait pertsona baitu dituztela baieztatu du.
Barne Ministerioko iturriek azaldu dutenez, bost orduko tirabiren ostean segurtasunaz arduratzen diren bi gizonez gain gutxienez 14 herritar hil eta 15 lagun zauritu dira.
Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa
Kabulen gutxiengo xiita duen meskita baten kontra egindako erasoa bere gain hartu du Estatu Islamikoak, Amaq albiste agentziak jakitera eman duenez. Atentatu horretan hogei pertsona inguru hil dira, gehienak herritarrak.
“Estatu Islamikoaren borrokalariek Jair Jana inguruan egin dute eraso, Afganistango Kabul hirian”, esan du Amaq agentziak (Abu Bakr al Baghdalik zuzentzen duen talde terroristak burutzen dituen atentatuen berri eman ohi duen bitartekariak).