Mundua -
Westminster Hallen
Erlijioaren gainean legerik behar ez dela esan du Aita Santuak
Arrazoiaren eta fedearen munduek elkarren beharra dute eta elkarrizketa sakona eta etengabea izateko beldurrik ez lukete izan behar, Benedikto XVI.aren hitzetan.
Erredakzioa
Erlijioa legegileek konpondu beharreko "arazo bat ez" dela esan du gaur Aita Santuak. Erlijioak eztabaida nazionalari laguntzen diola erantsi du. Era berean, erlijioa "isiltzeko" saiakerak abian direla salatu du Benedikto XVI.ak.
2.000 bat lagunen aurrean, Westminster Hallen, arrazoiaren eta fedearen munduek elkarren beharra dutela eta elkarrizketa sakona eta etengabea izateko beldurrik ez luketela izan behar adierazi du Aita Santuak. Tomas Morori heriotza-zigorra ezarri zioten 1535ean, Wesminster Hallen, fede katolikoa ez ukatzeagatik.
"Beste hitz batzuetan esanda, erlijioa legegileek konpondu beharreko arazo bat ez da, eztabaida nazionalari berebiziko ekarpen bat baizik", esan du Benediktok. Bildutako lagunen artean, besteak beste, James Cameron Britainia Handiko lehen ministroa eta Margaret Thatcher, John Major, Tony Blair eta Gordon Brown haren aurrekoak.
Erlijioaren "bazterketa"
Zentzu horretan, erlijioaren "bazterketa" dela-eta kezka agertu du Aita Santuak. Bereziki kristautasuna munduko zenbait tokitan baztertzen ari direla salatu du, baita tolerantziari garrantzia ematen dioten herrietan ere.
"Erlijioaren ahotsa isildu nahi dute batzuek, edo gutxienez esparru pribatura mugatu. Gabonak bezalako festa publikoak desagertu beharko litzatekeela defendatzen dute, beste erlijio batzuk iraintzen dituztelakoan", salatu du.
Wesminster Halletik Benedikto XVI. Westminsterreko Abadiara joan da zeremonia ekumeniko batera. Aita Santuak anglikanismoaren tenplurik garrantzitsuena bisitatzen duen aurreneko aldia da. Bertan Ingalaterrako errege gehienak koroatu dituzte1066az geroztik, Enrique VIII. barne. Enrique VIII.ak Vatikanoarekin hautsi zuen.