Politika -

Erresuma Batuko bidaia

Benedikto: 'Elizak ez du zainketa nahikoa egin pederastia kasuetan'

Aita Santuak uste du Elizak ez duela irmo jokatu apaizek adingabeei egindako sexu abusuen aurrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Benedikto XVI.a aita santuak lehen aldiz aitortu du gaur Elizak, gotzainek eta Vatikanoak ez dutela nahiko egin apaiz katolikoek adingabeei egindako sexu abusuen aurrean.

Edinburgorako bidean, Aita Santuak hizpide hartu du abusuen afera (Erresuma Batuan hainbat kasu jazo dira), eta "tristezia sakona" agertu du.

"Tristezia handia daukat. Elizak ez du zainketa nahikoa egin eta ez da bizkorra eta irmoa izan neurriak hartzeko", esan du hegazkinean, Erromatik Edinburgora berarekin batera doazen kazetarien aurrean.

Horregatik, "penitentzia, umiltasun eta berritutako egiazaletasun garaian gaude", esan du Aita Santuak.

Ratzingerrentzat garrantzitsuena biktimak dira, "trauma gainditzen eta euren bizitza eta Kristoren mezuan konfidantza errekuperatzen lagundu behar zaie". Gainera, biktimei "laguntza psikologikoa eta izpirituala" ematearen alde apustu egin du.

"Gaixotasun bat dela eta borondate libreak funtzionatzen ez duela badakigu, eta pertsona horiek euren buruengandik babestu behar ditugu. Laguntzeko modua topatu behar dugu eta gazteengandik urrundu behar ditugu", adierazi du.

Benedicto XVI.ak gaineratu denez, horrelako abusurik berriz ez gertatzeko "irakaskuntzan eta apaizak izango diren hautagaien aukeraketan prebentzioa izatea beharrezkoa da. Kontu handia izan behar da".

Joseph Ratzinger Aita Santuak adierazi du kasu hauek ezagutzea "tristura handia" izan dela.

"Zaila da apaizen artean perbertsio hau izan zitekeela ulertzea; izan ere, apaizek urtetako prestakuntza egiten dute Jesusen ahoa eta eskuak izateko, maite duen eta egiari laguntzen dion Artzain Ona izateko", azaldu du. Eta gizon batek horrelakorik nola egin dezakeen galdetu dio bere buruari.

Ratzingerrek Erresuma Batura egin duen bisitaldiaren aurka manifestazioak egin dituzte; izan ere, herrialdeak gogor sekularizatutako gehiengo anglikanoa du. Horri buruz, Aita Santuak kezkatuta ez dagoela esan du eta, bere ustez, "Erresuma Batua tolerantzia handiko" herrialdea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea