Mundua -
Azken 85 urteetan handiena
98 dira jada Mexikoko lurrikara handian hildakoak
Astebururako, errolda prest izatea espero dute. Etxebizitza asko erorarazi zituen lurrikara handiak, eta beste asko errepliken eraginez. Herrialdeak milaka agente bidali ditu.
agentziak | erredakzioa
Lehengo ostegunean Mexikoko hegoaldea astindu zuen 8,2 graduko lurrikarak 98 pertsona hil ditu, Enrique Peña Nieto presidenteak zabaldu duen azken balantzearen arabera.
Peña Nietok sismoak gehien kolpatutako herrienganako "familia mexikar handienaren" elkartasuna eskatu du ekitaldi batean, La Jornada egunkariak argitaratu duenez.
Lurrikarak (1932tik Mexikon erregistratu den bortitzena) kalte material handiak eragin zituen, eta milaka etxebizitza suntsitu hegoaldean.
Bestalde, Alejandro Murat Oaxacako gobernadoreak aitortu egin du eskualdeko hondamendiaren neurria, Radio Formula irratian.
"Jendeak testuingurua uler dezan, '85ekoa baino handiagoa izan zen, Istmoan (Tehuantepec), 41 udalerri baino gehiagotan" gainditu du aurrekoa, esan du.
"Minutu batean, 800.000 pertsonak baino gehiagok senideak galdu zituzten, dagoeneko 78 heriotza zenbatu ditugu (estatuan), tamalez, eta, horrez gain, etxeak eta euren bizitzaren historia ere galdu, hemen etxebizitzak zeudelako, aitita-amamenak, gurasoenak, seme-alabenak. Eta gaur ez dute ezer", adierazi duenez.
Rosario Roles Nekazaritza, Lurralde eta Hiri Garapenerako idazkaria ere mintzatu da Irrati berean, eta esan du nahiz eta gobernu talde osoa eta milaka agente bidali dituzten kaltetutako gunera, gaur bertan talde gehiago heltzen ari direla, presidenteak asteburuan eskatu duelako errolda prest izatea.