Mundua -
Kolono-guneen eraikuntza
Kolonizazioarekin amaitzea eskatu du Abbasek
Israelekin negoziaketak berriz hasteko edo bertan behera uzteko erabakia urriaren 4ra arte, Arabiar Liga bildu arte, ez dutela hartuko adierazi du Palestinako presidenteak.
Erredakzioa
Zisjordanian Israelen kolonizazioa bukatzea eskatu du gaur Mahmud Abbas Palestinako presidenteak, baina Israelekin negoziaketak berriz hasteko edo bertan behera uzteko erabakia urriaren 4ra arte, Arabiar Liga bildu arte, ez dutela hartuko adierazi du.
"Kolonizazioa gelditu behar da", azpimarratu du Abbasek Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin bildu ostean, Parisen. Kolono-guneen eraikuntzen aurrean "azkar erantzungo" ez duela erantsi du Palestinako presidenteak.
Israelgo kolono-guneen debekua "beste hiru edo lau hilabetez luzatu" behar dutela esan du Palestinako buruzagiak, "negoziaketak bizirik diren bitartean, mahai gainean diren gai guztietan sakondu ahal izateko".
Sarkozy
"Israelen erabakia deitoratzen" duela adierazi du Frantziako presidenteak, eta palestinarren eta israeldarren aurrean "beti jarrera berdina mantendu" duela defendatu du.
"Arabiar Ligako eta Palestinako zuzendaritzarekin ondorio guztiak aztertu behar ditugu", esan du Abbasek, baina Ekialde Hurbileko negoziaketei buruzko iritzia urriaren 4an jakinaraziko dutela gaineratu du.
"Baikor izaten jarraitu behar dut, eta itxaropena bizirik mantendu", erantsi du Abbasek. Bestalde, Europar Batasunak bake-prozesuan duen paper politikoa areagotu behar duela esan du Sarkozyk.