Mundua -

7,3 graduko indarra

Iranek bertan behera utzi ditu lurrikararen biktimak bilatu eta erreskatatzeko lanak

450 pertsona baino gehiago hil eta 7.400 baino gehiago zauritu dira dardararen ondorioz. Biktima gehienak Irango Kermansha probintzian bizi ziren.

Biktima gehienak Irangoak ziren. Argazkia: EFE
Biktima gehienak Irangoak ziren
Bertan behera gelditu dira lurrikararen biktimak bilatzeko lanak Iranen

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bertan behera utzi dituzte Irak eta Iranen arteko mugan izan den 7,3 graduko lurrikarak eragindako biktimak bilatzeko eta erreskatatzeko lanak, Irango agintariek astelehen gauean iragarri dutenez. Sismoak 450 pertsona baino gehiago hil ditu.

FARS Irango agentziak jasotako informazioaren arabera, Pir-Hossein Kollivand Irango Larrialdietako Departamentuko zuzendariak iragarri du neurria, eta biktimen balantzea baieztatu.

Hala, 445 pertsona  hil dira Irango aldean, eta beste zazpi Iraken. Biktima gehienak Sarpol-e-Zahab Irango hirian bizi ziren, Kermansha probintzian.

Era berean, Irango agintarien esanetan, 7.100 zauritu baino gehiago zenbatu dituzte, Iraken beste 300 zauritu izan dira.

Ali Jamenei ayatollah-k "kaltedunei laguntza ematea" agindu die agintariei, eta herrialdearen baliabide guztiak martxan jartzea eskatu du, biktima gehiago izan ez daitezen.

Bestalde, Hasan Rohani Irango presidentea gaur, asteartea, abiatuko da Kermanshara kolpatutako gunea ikusi eta lurrikararen biktimei bisita egiteko. Probintzia horretako agintariek hiru eguneko dolua ezarri dute.

Dagoeneko Abdolreza Rahmani Fazli eta Hasan Ghazizade Hashemi Barne eta Osasun ministroak, hurrenez hurren, probintzian dira, baita Abdolrahim Musabi Armadako komandantea ere.

Iraken kasuan, kalte handienak Darbandijanen zenbatu dira, Suleimaniyatik 75 kilometrora ekialdera, Irakeko Kurdistanen.

Rekaut Rashid Irakeko Kurdistango Osasun ministroaren esanetan, lau pertsona hil dira Darbandijanen, bi Garmianen eta beste bat Sulaimanin.

Reuters albiste agentzia britainiarrari adierazi dionez, barrutiko ospitale nagusiak kalte handiak izan ditu eta argindarrik gabe geratu da; hori dela eta, Suleimaniyara eramaten ari dira zaurituak. "Egoera oso kritikoa da", esan du.

Iraken mugimendu sismikoak izan ohi dira, herrialdearen mendebaldea zeharkatzen duen faila bat dela eta. Gainera, Irakeko iparraldea eta Turkiako hego-ekialdea ere hartzen du.

Historia osoan izan duten lurrikararik handiena 1990eko ekainean izan zen. orduan, 37.000 pertsona hil diren iparraldeko zenbait herritan. 2003ko abenduan jazo zen beste dardara batean, Kerman probintzian, 31.000 pertsona hil ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Prentsa digitalaren azken orduko Hondamendi naturalak albisteak Gaurko azken ordukoa Iran bideoak 2024ko seismoak Lurrikaretan hildakoak