Mundua -
ITSASPEKOA
Argentinako Armadak hiltzat jo ditu 'Ara San Juan' itsaspekoko 44 kideak
Agintariek bertan behera utzi dute erreskate operazioa, baina urpekoa bilatzeko lanei eutsiko diete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Argentinako Armadak bertan behera utzi ditu Ara San Juan urpekoa erreskatatzeko lanak, bertan zihoazen Armadako 44 kideak hilda daudela iritzita. Itsaspeko argentinarra azaroaren 15ean desagertu zen Patagoniako uretan, Atlantikoan. Dena den, urpekoa bilatzeko lanei eutsiko diete.
Enrique Balbi Argentinako Armadako bozeramaileak jakinarazi duenez, agintariek eten egin dute itsaspekoan zihoazen 44 marinelak erreskatatzeko operazioa. "Ez da erreskaterik egingo", azaldu du. Gaineratu duenez, gomendatu baino bi aldiz egun gehiago luzatu da bilaketa. Hala ere, ontziaren bila jarraituko dutela ziurtatu du.
Albistearen berri izan ostean, Ara San Juan itsaspekoan zihoazen 44 marinelen senideak malko artean atera dira Argentinako Armadak Mar del Plata hirian duen egoitzatik. "Erreskatearekin jarraitzeko eskatu nahi diet, bizirik egon daitezkeela uste duen jendea badagoelako", esan dio Celso Oscar Vallejos militar desagertuaren lagun batek Clarín egunkariari.
Itsaspekoak azaroaren 15ean egin zuen azken komunikazioa, San Jorge golkoaren inguruan, Argentinako Patagoniatik 432 kilometrora, hain zuzen ere. Ikerketari esker jakin ahal izan denez, ura sartu zen aireztapen sisteman, eta horrek zirkuitulabur bat eta sute bat eragin zituen.
Bilaketa operazioan, hainbat herrialdetako taldeek hartu dute parte, eta "anomalia hidroakustiko bat" atzeman zuten. Argentinako agintarien arabera, baliteke itsaspekoan izandako leherketa baten soinua izatea.