Mundua -
Protestak Frantzian
Frantziako gasolindegiak desblokeatzeko agindua eman du Sarkozyk
Helburua, "egoera ahalik eta arinen normalizatzea", Frantziako Gobernuak igorritako oharraren arabera.
Erredakzioa
Frantziako gasolindegi guztiak desblokeatzeko agindua eman du gaur goizean Nicolas Sarkozy presidenteak, "egoera ahalik eta arinen normalizatzeko" helburuarekin. Pentsio sistemaren erreformaren ondorioz, greba eta protesta ugari izan dira Frantzian azken asteetan.
"Pentsioen erreforma aurrera eramango dut nire betebeharra delako. Hiritarrei eta hiritarren semeei erretiroa bermatu behar diet, eta pentsioak mantenduko direla ziurtatu", esan du Sarkozyk ohar batean.
Erreforma "zaila" izango dela onartu du Frantziako buruak, baina proposamenei "adi" egon direla esan du Sakorzyk, "batez ere eragile sozialek aurkeztu dituztenei".
Bere hitzetan, "normala da demokrazia batean norberak bere iritzia edo kezka azaltzea", baina "gainditu ezin diren mugak ere badira".
"Milioika hiritarrentzat, garraiabideak ezinbestekoak dira, funtsezko askatasuna dira; beraz, frantziar askori eguneroko bizitza oztopatu zaie, erregaien eskasia dela medio", gaineratu du Sarkozyk.
Horregatik, eta egoera konpontzeko helburuarekin, Frantziako gasolindegi guztiak desblokeatzeko agindua eman du gaur presidenteak.
Senatuan gaur egin behar zuten pentsio erreformaren bozketa, baina azkenean bihar gauera atzeratu dute.