Mundua -
Protestak
Aste erabakigarria Frantzian, pentsioen erreformarentzat
Trenetako langileek eta kamioilariek lanuzteak egingo dituzte gaur, bihar greba orokorra izango da eta asteazkenean Senatuak onartu egingo du erreforma.
Erredakzioa
Gaur hasi den astea erabakigarria izango da Frantzian erretiro adina 60 urtetik 62ra luzatzeko lege proiektuarentzat.
Egutegian, hiru egun gorriz margotuta: gaur greba eguna dute tren zerbitzuetako langileek eta kamioilariek, bihar greba orokorra izango da (urteko bederatzigarrena) eta asteazkenean Senatuak onartu egingo du erreforma. Bozketa horren ostean, izapide bakarra geratuko da testua behin betiko onartzeko.
Bien bitartean, herrialdeko petrolio-findegiak blokeatuta daude oraindik. Francois Fillon lehen ministroak, baina, bermatu egin du erregai hornidura, eta erreforma onartu egingo dutela ohartarazi du.
Gobernuak hainbat neurri abiatu ditu, eta beraz, badirudi energia agortzeko aukera urrundu egin duela. Arazo kritikoenetako bat, behintzat, konponduta dago: Charles de Gaulle aireportua (herrialdeko inportanteena) erregaiz hornitzen hasi dira berriz, bi egunerako kerosenoa baino ez baitzuen.
Gainerako aireportuetan eta gasolindegietan ere ez dago hornikuntza arazorik, erregai-biltegi eta errepide nagusiak desblokeatu egin baitituzte. Kamioien zirkulazioa debekatuta dago asteburuetan Frantzian, baina honetan salbuespena egin dute.
Gaurko egunari begira, tren zerbitzuetako sindikatuek ohartarazi dute gordindu egingo dituztela protestak, garraioa oztopatzeko helburuz.
Joan den astean, ehunka mila ikaslek bat egin zuten trenetako langileen protestekin, eta gaur kamioilariek egingo dute. Hori horrela, errepide nagusiak blokeatzen saiatuko dira, Gobernuari estutasunak sortzeko.
Ostiraletik astiro zirkulatzen izan dira, auto-ilarak eratzeko, eta ondorioz itogune handiak sortu dira Espainiako eta Belgikako mugetan.