Mundua -
New York
Manhattango erasoaren ustezko egileari terrorismoa leporatu dio Fiskaltzak
27 urteko Akayed Ullah auzipetu dute auzitegi federal baten aurrean. “Estatu Islamikoagatik egin nuen”, adierazi zuen Ullahek Poliziaren aurrean, akusazioaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Akayed Ullah gazteari formalki terrorismoa egotzi dio gaur New Yorkeko Fiskaltzak. Astelehenean atxilotu zuten Manhattango erasoaren egilea zelakoan. Autobus geltokian lau pertsona zauritu ziren, horien artean Ullah bera. Soinean zeramatzan lehergailuak zartarazi zituen, baina huts egin zuen.
Bangladesheko susmagarriak 27 urte ditu eta auzitegi federal baten aurrean auzipetu dute, atzerriko erakunde terrorista batekin kolaboratzea, arma handi bat erabiltzea, lehergailu bat toki publiko batean zartaraztea, lehergaiak erabiliz kalteak eragitea eta lehergailu bat erabiltzea leporatuta.
“Estatu Islamikoarengatik egin nuen”, adierazi zuen Ullahek Poliziaren aurrean, gaur aurkeztutako akusazioaren arabera, The New York Times egunkariak jakitera eman duenez.
Horrela, duela bi edo hiru aste lehergailua egiteko materiala biltzen hasi zen Brooklyneko etxean.
"Trump, zure herria babesteko orduan kale egin duzu"
Ullahek mezu bat argitaratu zuen astelehen goizean, Facebook sare sozialean: “Trump, zure herria babesteko orduan kale egin duzu”.
CNN telebistak astelehenean ziurtatu zuenez, Israel Gazako Zerrendan egiten ari dena mendekatzeko eraso egitea erabaki zuen Ullahek.
John J. Miller New Yorkeko Poliziaren terrorismoaren aurkako taldearen buruzagiak CBS telebistan onartu duenez, lehergailuek behar bezala funtzionatu izan balute atentatuaren emaitza “askoz okerragoa” izango litzateke.
“Ez zuten aurreikusitako indarrarekin funtzionatu”, esan du lehergailuei buruz. Erasotzailea soilik larri zauritu zuen eztandak.