Mundua -
Alemania
Gobernua osatzeko aste garrantzitsua 'baikor' abiatu dute Merkelek eta Schulzek
Merkelek ez duenez gutxiengo batekin osatutako gobernurik nahi, hauteskundeak ez errepikatzeko aukera bakarra Alderdi Sozialdemokratarekin ituna adostea da.
Agentziak | Erredakzioa
Alemaniako Gobernua osatzeko koalizio handia adosteko bilera-astea "baikor" eta "eraikitzeko" jarreraz abiatu dute Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Martin Schulz lider sozialdemokratak. Hauteskundeak orain dela hiru hilabete eta erdi egin zirenetik herrialdeak bizi duen blokeo politikoarekin amaitzea da asmoa.
Liberalekin eta berdeekin egindako negoziazioetan huts egin ostean, Merkelek ez du gutxiengo batekin gobernatu nahi. Hortaz, hauteskundeak ez errepikatzeko aukera bakarra Alderdi Sozialdemokratarekin ituna hitzartzea da. Boterean daramatzan hamabi urteetatik zortzi egin dituzte elkarrekin gobernuan.
"Lor dezakegula uste dut", esan du Merkelek lehen bilerak hasi baino lehen.
Erronken aurrean Alemania batuko duen gobernu "egonkorra" eratzea da CDU alderdiaren helburua. Merkel "optimista" agertu da, nahiz eta lan zaila izango dela ere onartu duen.
Ezkerreko eta eskuineko alderdien presioak
Batetik, Batasun Sozialkristaua (CSU) alderdiko bazkide bavariarren presioa jasotzen ari da Merkel eskuinetik. Asilo eta immigrazio arloetako politikak gogortzea eskatzen dute horiek. Bestetik, berriz, Schulz buru duten ezkertiarrekin (SPD) negoziatu behar du kantzilerrak.
SPD alderdiko egungo buruzagia iaz hasi zen politika nazionalean lanean, Merkeli irabazteko xedez. Aitzitik, sozialdemokratek inoiz izandako emaitzarik kaskarrenak lortu zituzten azken hauteskundeetan. Negoziazio prozesuan jarrera "eraikitzailea eta irekia" erakutsiko duela adierazi du.