Mundua -
MH370 hegaldia
Malaysiak enpresa bat kontratatu du 2014an desagertu zen hegazkina bilatzeko
Urtarrilaren erdialdean ekingo diete berriro bilaketa lanei. MH370 hegaldia Indiako Ozeanoan desagertu zen Kuala Lumpurretik atera eta 40 minutura, 239 bidaiari zeramatzala.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Malaysiako Gobernua eta Ocean Infinity AEBko enpresak akordioa lortu dute, 2014an Indiako Ozeanoan desagertu zen Malaysia Airlines konpainiako hegazkina bilatzeko. MH370 hegaldia 2014ko martxoaren 8an desagertu zen 239 bidaiari zeramatzala.
"Ocean Infinityk bere gain hartuko ditu MH370 hegaldia bilatzeko lanak 25.000 metro koadroko eremuan (...) Urtarrilaren erdialdean hasiko da lanean", iragarri du Liow Tiong Lai Malaysiako Garraio ministroak sinadura ekitaldiaren osteko prentsaurrekoan.
Ministroak azaldu duenez, enpresak 90 eguneko epea izango du, eta ez du dirurik jasoko hegazkina aurkitzen ez badu. Ikertzaileen arabera, hegazkina Indiako Ozeanoan erori zen.
Malaysia Airlines konpainiako hegazkina 2014ko martxoaren 8an desagertu zen Kuala Lumpurreko aireportutik Pekinera abiatu eta 40 minutura. Ikerketa ofizialaren arabera, norbaitek komunikazio sistemak itzali eta hegazkina jirarazi zuen.
Desagertutako hegazkinak 239 bidaiari zeramatzan: 154 txinatar, 50 malaysiar, 7 indonesiar, 6 australiar, 5 indiar, 4 frantziar, 3 estatubatuar, 2 kanadar, 2 irandar, 2 zeelandaberritar, 2 ukrainar, herbeheretar bat eta errusiar bat.
Ikerketa egin duten eta itsasoan aurkitu dituzten zatiak aztertu dituzten adituen esanetan, hegazkina Indiako Ozeanoan erori zen.
Agintariek bilaketa lanak bertan behera utzi zituzten 2017ko urtarrilaren 17an, harik eta froga berriak aurkitu arte.