Mundua -
Legegintzarako hauteskundeak
Hauteskundeetako emaitzak 'astindu' bat direla onartu du Obamak
Errepublikanoekin elkarlanean aritzeko borondatea azaldu du AEBetako presidenteak. "Estatubatuarrek arazoetaz arduratzea nahi dutelako", erantsi du.
Erredakzioa
Legegintzarako hauteskundeen emaitzak "astindu" bat direla onartu du gaur Barack Obama AEBetako presidenteak. Hauteskundeen emaitzek "jendearen ametsak zapuztu" direla argi uzten dute, Obamaren esanetan. Ekonomiaren erritmoarekin "jendea zapuztuta" dagoela azaldu du agintariak, eta "presidente gisa gertatutakoaren erantzukizuna onartzen" duela erantsi du.
Hauteskundeen ostean emandako prentsaurrekoan egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak. Legegintzarako hauteskundeetan garaipena lortu du Alderdi Errepublikanoak, izan ere, Ordezkarien Ganberako kontrola bereganatu du eta Senatuan sei eserleku berri lortu ditu.
Prentsaurrekoa hasi baino lehen emandako hitzaldian, errepublikanoekin elkarlanean aritzeko borondatea azaldu du Obamak. "Estatubatuarrek ekonomian konpontzeke dauden arazoetaz arduratzea nahi dutelako", erantsi du.
"Jendearen kezka nagusia egun ekonomia da, ez dago zalantzarik… Estatu osoko jendeak ez du garapenik ikusten", adierazi du AEBetako agintariak.
Presidente gisa "nire eginbehar nagusia ekonomia indartsu bat lortzea da; horregatik beharrezko garapena ez dugunez lortu erantzukizuna onartu behar dut", gaineratu du.
Adostasun eskaintza
John Boehner eta Mitch McConnell Kongresuko buruzagi errepublikanoei telefonoz deitu zien AEBetako presidenteak asteartean, lankidetzan aritzeko borondatea helarazteko, "adostasuna lortzeko, herrialdea aurrera bultzatzeko eta AEBetako herriarentzat gauza onak lortzeko".
"AEBetako herriak mezu argia bidali dio Obamari gauean ezbairik gabe: Norabidea aldatzeko", adierazi zuen Boehnerrek asteartean, garaipenaren hitzaldian.
Energia, klima-aldaketa eta hezkuntza Kongresuan errepublikanoekin elkarlanean aritzeko esparruak izan daitezkeela aipatu du Obamak gaur.
Hala ere, demokrata eta errepublikanoen artean desadostasun sakonak daude. Obamaren ahotan, "guztiek Washingtonen arduraz jokatzea" nahi dutela esan dute estatubatuarrek euren botoekin.