Mundua -

Piongchang 2018

Bi Koreak elkarrekin agertuko dira, bandera beraren atzean, Neguko Olinpiar Jokoetan

Era berean, emakumeen hockey taldeak bi herrialdeetako jokalariak izango ditu, bi Koreen gerturatzea gauzatzeko bileretan adostu dutenez.

Pyeongchangeko antortxa, Seuletik (Hego Korea) ateratzen. Argazkia: Efe
Pyeongchangeko antortxa, Seuletik (Hego Korea) ateratzen. Argazkia: Efe
Pyeongchangeko antortxa, Seuletik (Hego Korea) ateratzen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi Koreak ados jarri dira, Piongchangeko Neguko Olinpiar Jokoetako hasierako ekitaldian elkarrekin joateko, "Korea batua" islatuko duen bandera bakar baten atzean, Seulen eta Piongiangen arteko gerturatze keinu gisa.

Bi herrialdeetako ordezkariek bilera egin dute berriro gaur Panmujomen, eta Ipar Koreak Neguko Olinpiar Jokoetan izango duen parte-hartzeaz jardun dute, urtarrilaren 9ko batzarrari, bi urteren ostean egindakoari, jarraipena emate aldera.

Besteak beste, Jokoak abiatzeko ekitaldiko desfilea elkarrekin egitea, emakumezkoen hockey taldea bien artean osatzea, eta Ipar Koreak 230 animatzaile eta taekwondoko 30 borrokalari eramatea adostu dute, ikuskizun bat egiteko.

Gainera, Kumgang mendian kultur ekitaldia egingo dute, Ipar Koreako kostan, eta elkarrekin entrenatuko dira Masikryong Ski Resortean (Ipar Korea), Yonhap Hego Koreako albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Bi Koreak elkar hartuta aritzeko ideia Kim Jong Un Ipar Koreako buruzagiak Urte Berrian egindako hitzaldian oinarritzen da, urreratze prozesua proposatu baitzuen. Olinpiar Jokoetako keinuak bake elkarrizketarako atea irekitzea espero duela esan zuen ondoren Moon Jae In Hego Koreako presidenteak.

Koreako penintsula desnuklearizatzeko sei aldeko elkarrizketak 2009an eten ziren, eta hainbat ekimen egin dituzte ordutik berriro abiatzeko, baina porrot egin dute guztiek. Panmunjomgo bilera izango da azken urteetan bi herrialdeen arteko harremana onbideratzeko izango den aukerarik onena.

Aurrez aurreko horiek baretu egin dute azkenaldiko tentsioa, Kim Jong Unen proba nuklearren ondorioz sortutakoa. Proba horiek direla eta, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak eta hainbat herrialdek handitu egin dituzte Piongiangen aurkako isunak.

Donald Trump AEBko presidentearen ustez, bere jarrera "irmoak" eragin du barealdia, Ipar Korearen balizko eraso bati "suz eta amorruz" erantzungo diotela esan baitzuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Nazioartea Gaurko azken ordukoa Hego Korea Ipar Korea Neguko Olinpiar Jokoak albisteak