Mundua -

Estatu Batuak

Gobernua itxi behar izan du Trumpek, Etxe Zurian lehen urtea bete duenean

Demokratek funts federalak luzatzearen aurka bozkatu dute. Trumpek finantziazioa eskatu du Mexikoko hormarentzat; horren truke, 800.000 'ameslariren' (dreamers) deportazioa saihestuko lukeela esan du.

Donald Trump. Argazkia: EFE
Donald Trump. Argazkia: EFE
Donald Trumpek lehen urteurrena bete du boterean

1:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Gobernuak Exekutiboaren zati baten itxiera abiatu du gaur, Donald Trump presidentea izendatu zutela lehen urteurrena bete denean. Dokumentaziorik ez duten 800.000 bat gazteren egoera legeztatzea baldintzatzen duten aurrekontuak ukatu dituzte demokratek, eta horrek eragin du erabakia.

Trumpek Floridara joateko asmoa zuen, Palm Beachen duen Mar-a-Lago etxean urteurrena ospatzeko. Gobernua ixteko aukeraren aurrean, hegaldia bertan behera utzi eta Washingtonen geratu zen.

Exekutiboa bertan behera geratzen den lehen aldia da, 2013ko urriaz gero. Barack Obamak 16 egunez itxi behar izan zuen, errepublikarren blokeoak eraginda.

Orduan, 800.000 langile publiko etxera bidali zituen Obamak, lanik gabe. Halaber, museoak eta parke nazionalak ixteaz gain, bertan behera utzi zituen ikerketarako medikuntza zentroetako tratamendu esperimentalak.

Trumpek Gobernuak ziurtatu duenez, herritar estatubatuarrengan izan dezakeen eragina arintzen ahaleginduko dira. Esaterako, parke nazioanak ixtea ekidingo dute.

Hala eta guztiz ere, Etxe Zuriak 1.000 langile baztertuko dituela iragarri du. Bestalde, James Mattis Pentagonoko buruaren esanetan, inteligentzia arloko hainbat operazio militar geldiarazi dituzte.

Senatuak ostiral gauean baztertutako proposamenak otsailaren 16ra arte finantzatuko luke Gobernua, behin-betiko aurrekontuak adosteko demokraten eta errepublikarren arteko negoziazioa luzatzeko.

Demokratek Trumpen Gobernuari egin diezaioketen presioaz harago, itxierak dokumentaziorik gabe AEBn bizi diren 800.000 gazteren etorkizunari eragingo dio.

Obamak gazte horiei eman zien estatus legala martxoaren 5ean amaituko da. Ordutik aurrera, deportatu egin ditzakete, babesten dituen programa bukatu ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Gaurko azken orduko albistea Trump gaur