Mundua -
Erasoa Afganistanen
Bi pertsona hil eta 12 zauritu dira Save The Childrenen kontrako atentatu batean
Suizida batek soinean zeraman lehergailua zartarazi du erakundeak Jalalabaden duen egoitzaren aurrean, eta segidan hainbat erasotzaile sartu dira eraikinean.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez bi pertsona hil eta dozena bat zauritu dira goizean Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak Jalalabaden (Nangarhar eskualdeko hiriburua, Afganistan ipar-ekialdean) duen egoitzaren kontra izandako atentatuan, tokiko gobernuko iturriek jakinarazi dutenez.
Afganistanen 09:00ak zirenean izan da eztanda, egoitzaren kanpoaldean. Bertako hedabideen arabera, ekintzaile suizida batek soinean zeraman lehergailua zartarazi du. Ondoren, lauzpabost terrorista sartu dira eraikinean.
Afganistango segurtasun indarrak berehala joan dira atentatua izan den lekura, eta tiroka hasi dira erasotzaileen aurka. Ingurua itxi dute, badaezpada. Afganistango hedabideek zabaldutako irudietan, ke adar bat eta umeak ihesean ikus daitezke.
Iturri horien hitzetan, erasotzaileen eta soldaduen arteko enfrentamenduak bukatu dira. Aurreneko balantze baten arabera, bi pertsona —zibil bat eta militar bat— hil dira eta 12 zauritu.
Save The Children erakundeak ohar batean adierazi duenez, "lur jota" daude, eta langileen segurtasunagatik "oso kezkatuta". Izan ere, oraindik goiz da esateko zenbat biktima eragin dituen atentatuak.
Talibanek ukatu egin dute atentatu horrekin loturarik izatea, eta oraingoz inork ez du bere gain hartu. Estatu Islamikoak indar handia du Nangarhar eskualdean.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Afganistanen duen Misioak (UNAMA, ingelesezko sigletan) honakoa zabaldu du Twitter bidez: "Zibilen edo gobernuz kanpoko erakundeen kontrako erasoak nazioarteko lege humanitarioaren urraketa argiak dira, eta gerra krimenak izan litezke".