Mundua -

Europarra da

Hamar urte dira Columbus laborategia Nazioarteko Espazio Estaziora iritsi zenetik

Modulu horretan, astronautek hainbat esperimentu egiten dituzte; besteak beste, landareak hazten dituzte, metal berriak garatzen dira, eta euren buruarekin ere egiten dituzte probak.

Columbus 2008an heldu zen Estaziora. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartutakoa.
Columbus 2008an heldu zen Estaziora. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartutakoa.
Columbus 2008an heldu zen Estaziora. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartutakoa.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken honetan, otsailaren 7an, hamar urte beteko dira Columbus laborategi europarra Nazioarteko Espazio Estaziora iritsi zenetik. Modulu bat da, eta astronautek hainbat esperimentu egiten dituzte bertan; besteak beste, landareak hazten dituzte edo metal berriak garatu, eta, horrez gain, euren buruarekin ere egiten dituzte probak, hainbat aldagai esperimentatzeko.

Espaziora joan aurretik, astronautek Columbuseko erreplika bat erabiltzen dute; Alemanian dago, Kolonia hirian, Astronauten Europako Zentroan, eta entrenamenduak egiteko modulua da. Columbus europarra ez ezik, Nazioarteko Estazioak beste zientzia-laborategi batzuk ere baditu: Japoniakoak, Errusiakoak eta Ameriketako Estatu Batuetakoak.

Europako Espazio Agentziako Leopold Eyharts astronautaren arabera (Eyhartsek 60 urte ditu, eta Biarritzekoa da), probak egiteko laborategi hori eta Nazioarteko Espazioan dagoena oso antzekoak dira, eta instalazio zientifiko asko ditu. "Etengabeko mikrograbitate-inguru batean gaude; beraz, mikrograbitate-egoera horretan egiten ditugu esperimentuak. Jarraipen zientifikoa dago gure lanean", esan du Eyhartsek. Berak gainbegiratu zuen, 2008an, Columbusen instalazioa.

Grabitaterik ez egoteak duen eragina ere ikertzen da Columbusen. Laborategian, mikrograbitatean eta grabitaterik gabe hazten dituzte landareak.

Ann-Iren Kittang Jost espazioko arlo askotariko ikerketetarako zentroko kidearen esanetan, landare horiek gaitasuna dute egokitzeko, hazietatik ernamuintzeko, bizi-zikloa osatzeko eta hazi berriak ekoizteko, baldintza horietara "nahiko ondo" moldatuta. "Liluragarria da", adierazi du.

Lurreko hainbat bizitza-mota espazioko ingurumenera (modulutik kanpoko ingurumenera) nola moldatzen diren ere ikertzen dute. Ikertzaileek mikroorganismo batzuk kokatu zituzten zenbait erretilutan, espazio-ontzitik kanpo, horien erresistentzia nolakoa den baieztatzeko. Erretilu horietako hiru Expose-E berotegitik Nazioarteko Espazio Estaziora eraman zituzten. Elke Rabbow espazio-gaietan aditua den alemaniar biologoaren hitzetan, erretiluetan mota askotariko mikroorganismo jarri zituzten: bakterioak, likenak eta zenbait animaliaren larbak. "Bueltatu zirenean, organismo horietako batzuk bizirik zeuden", nabarmendu du.

Columbusek, halaber, aukera ematen die zientzialariei aleazio metaliko berriak grabitatearen eraginik ez dagoenean nola solidotzen diren ikertzeko. Horretarako, Lurretik kontrolatzen den tresna bat erabiltzen dute; tresna hori astronautek kontrolatzen dute, etengabe.

Astronautek euren buruarekin ere egiten dituzte esperimentuak

Esperimentuetako asko euren buruarekin egiten dituzte astronautek; izan ere, astronautek probatzen dute nolako erreakzioak dituzten espazioan euren giharrek, hezurrek, odolak eta burmuinak. Harrigarria da burmuinaren jarduera elektrikoa eta horren ekoizpena txikiagoa izaten da espazioan; inork ez daki, ordea, zergatik gertatzen den hori.

Erradiazio-maila ere neurtzen dute; astronautentzako arazorik handienetakoa da. Adibidez, 'Dosis3D' izeneko esperimentu batean, Columbus barruko erradiazio-aldaketak aztertzen dituzte, bai eta kontuan izateko aldagaiak ere. "Egiaztatu dugu aldaketak daudela, altuera zein den", esan du Thomas Berger Alemaniako Aire-espazioko Zentroko Biofisikako Ikerketa-taldeko buruak. Horren esanetan, estazioa 70 kilometrora igo zen, eta horrek erradiazioaren parametroak aldatu zituen (eguzki-zikloaren eraginez ere aldatu ahal dira horiek).

Astronauten eta Lurrean dauden zientzialarien arteko elkarlanak jarraitu egingo du; izan ere, estazio horrek hamar urte gehiago emango ditu lanean. Nazioarteko Espazio Estazioa, Eyhartsen arabera, "baliabide oso ona da, esplorazioaren etorkizuna prestatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Munduko albisteak 2024 Gaurko azken ordukoa Zientzia berriak Zientziaren hedapena zuzenean