Mundua -
EKIALDE HURBILA
Tentsioa Israel iparraldean, Iranekiko eta Siriarekiko harremanak gaiztotu ostean
Israelek Siria bonbardatu du, Iranen kontrako operazio batean. Ordu batzuk lehenago, Israelgo hegazkin bat bota dute siriarrek Golango Gainean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Izugarri egin du gora tentsioak Israel iparraldean larunbat honetan, Israelek Iranen aurkako erasoa egin eta gero, Siriako lurretan. Palmiratik (Siria) gidatutako dron bat Israelen sartu ondoren, operazio militarra hasi du Israelek eta hori egiten ari zirela, hegazkin bat galdu dute, Siriako misilen aurkako defentsak botata. Pilotuetako bat larri zauritu dute, eta horren ostean, bonbardaketa andana egin du Israelek.
"Hamabi helburu, horietatik hiru aire defentsako guneak, eta Iranek Sirian duen egitura militarraren lau puntu erasotu ditugu" esan dute Armadatik.
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakitera eman duenez, erasoek, besteak beste, Al Tifurreko aireportua izan dute jomuga, Homs probintzian, Damasko kanpoaldean, Siriaren eta Libanoren arteko mugan. Al Tifurreko aireportuan Siriako erregimenaren, Irango erregimenaren eta Hizbula taldeko kideak daude.
Behatokiak jakitera eman duenez, Damasko kanpoaldea, eta Libanoko mugatik gertu dagoen Dimas eskualdea ere bonbardatu dituzte (Damasco eta Beirut lotzen dituen errepidea).
"Israelgo Armadak Irango erasoak eta Siriaren erantzuna Israelen subiranotasunaren urraketa larri gisa ikusten ditu" ohartarazi dute. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du kezkatuta daudela Sirian Iranen aldekoak hartzen ari diren indarrarekin, Bachar Al Asad siriare presidentearekin bat eginda ari direnekin, alegia, eta mugatik gertu ez dietela indartzen utziko esan die.
Hezbola, Errusia eta Turkia
Hizbula mugimendu xiita libaniarrak esan du Israel "etengabe Siria erasotzen" ari dela, eta gaur Siriako defentsak Israelgo hegazkina bota izana "garai estrategiko berri baten hasiera" dela gaineratu dute.
Rusiak kezka agertu du eta bi aldeei lasaitzeko deia egin die.
Bien bitartean, Turkiako Indar Armatuen helikoptero bat bota dute Siriako iparmendebaldeko kantoi kurduan. Erdogan presidenteak "larrutik ordainduko" dutela esan du.