Mundua -

Irak

Iraken lau umetatik bat pobrezian dagoela ohartarazi du UNICEFek

Estatu Islamiarraren eta Irakeko Gobernuaren arteko borrokek eragindako suntsipenak utzitako egoeraren ondorioa dela azaldu du erakundeak.

Mosuleko artxiboko argazkia
Mosuleko artxiboko argazkia
Mosuleko artxiboko argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UNIFECek igande honetan ohartarazi duenez, lau milioi ume irakiar pobrezian murgilduta daude, Irakeko Gobernuak eta haren aliatuek Estatu Islamiarrarekin izandako borrokek eragindako suntsipenaren ondorioz.

Lautik bat pobrezian bizi dela azaldu du erakundeak, hezkuntza egokirik gabe. Horrenbestez, ahalegina txikienei laguntzen biltzea eskatu die otsailaren 12tik 14ra Kuwaiten bilduko diren herrialde emaileei.

UNICEFek eta ONU Habitatek egindako txosten baten arabera, Irakeko hiriak "gerra eremu bihurtu direnez, etxeak, ikastetxeak eta ospitaleak oso kaltetuta" geratu dira.

Guda ostean, atzerrira joandako familiak etxera itzuli direnean, etxeak suntsituta aurkitu dituzte. Mosulen, esaterako, 21.400 etxebizitza erabat edo ia guztiz deuseztatuta daude. Hori dela eta, familia asko hondamenean bizi dira, umeak lan egiteko ikastetxeetatik ateratzeaz gain.

Hiru milioi umek baino gehiagok hezkuntza eten dute Iraken, guda dela medio. Izan ere, batzuek kanpora joan behar izan dute, eta, horrez gain, ikastetxeak ere erasotu egin dituzte. Geert Cappelaere UNICEFeko eskualdeko zuzendariaren esanetan, herrialde oso baten etorkizuna baldintzatu dute gertaera horiek.

Testuinguru horretan, "Irakeko hiri-eremuen berreraikuntzari lehentasuna ematea" eskatu die Zena Ali Ahmad ONU Habitatek herrialde arabiarretarako duen zuzendariak Kuwaiten bilduko diren herrialdeei, "eta batez ere umeak kontuan izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Albisteak Umeak albisteak Giza eskubideak gaur Asia GKEen albisteak Irak Ekialde Hurbileko albisteak