Mundua -
Gobernuz kanpoko erakundea
MGMk erakundearen barnean 24 abusu edo jazarpen kasu antzeman zituen 2017an
Horregatik, 19 pertsona kaleratu ditu Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak. MGMk salaketak non gertatu diren ez du zehaztu.
Agentziak | Erredakzioa
2017an, erakundearen barnean 24 sexu-abusu edo jazarpen kasu antzeman zituela jakitera eman du gaur Mugarik Gabeko Medikuak (MGM) gobernuz kanpoko erakundeak. Horregatik, 19 pertsona kaleratu dituztela erantsi du.
Gobernuz kanpoko erakundea 1971n sortu zuten, Parisen. Munduan sakabanatuta dituen 40.000 langileen artean 146 kexa jaso zituela azaldu du MGMk agiri batean, horietako 24 sexu-jazarpen edo abusuak ziren.
MGMren agiria Oxfam Erresuma Batuko gobernuz kanpoko erakundearen eskandaluaren berri izan eta egun batzuk geroago heldu da. Oxfameko zuzendari ohiek eta boluntarioek orgiak ezkutatu eta prostitutak ordaindu zituzten 2010ean, Haitin, lurrikara batek Karibeko herrialdea suntsitu ondoren.
"Konfidentzialtasuna"
Sexu-abusu edo jazarpena ustez egin dutenak non ari ziren lanean edo salaketak non gertatu diren ez du zehaztu MGMk; izan ere, gobernuz kanpoko erakundeak auziak “konfidentzialtasunez” ikertu ditu, biktimak babesteko.
“Abusuak salatu ditzaketen pertsonak aurkitzen dituzten oztopoak ezabatzea MGMren erronka nagusietako bat da. Salaketa mekanismoak nola funtzionatzen duten irakasteko orduan gehiago saiatu behar gara”, azpimarratu du erakundeak.
Zigorgabetasuna
Salaketa kopuru txikiaren atzean salatzailearen estigma dagoela uste du gobernuz kanpoko erakundeak. Gainera, MGM lanean ari den gatazka guneetan egoera hori larriagoa da.
“Normalean biktimak babesteko mekanismorik ez dago, indarkeria maila gorenean dago, baita inpunitatea ere. Biztanleek kanpoko laguntzarekiko menpekotasun handia dute”, gaineratu du gobernuz kanpoko erakundeak.