Mundua -

Sahara

Alonso: 'Giza Eskubideak errespetatzeko eskatu behar zaio Marokori'

Alfredo Perez Rubalcaba eta Taib Cherkaui Marokoko Barne ministroa gaur bildu dira Madrilen, baina bilerako gai-zerrendan ez zegoen Mendebaldeko Sahararen egoera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramailea Kongresuan azaldu duenez, Giza Eskubideak eta prentsa askatasuna "erabat errespetatzeko" eskatu behar zaio Marokori.

Alonsok defendatu du Madrilgo Exekutiboaren jokabide "serioa, zentzuzkoa eta erantzulea" Mendebaldeko Saharako gatazkan.

"Harreman onak ditugu Marokorekin, eta beraz, horiek zaindu behar dira", esan du, baina aldi berean, Giza Eskubideen eta prentsa askatasuna errespetatzeko "argi eta garbi" eskatu behar zaio.

Rubalcabak Marokoko Barne ministroa hartu du

Ildo horretan, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Barne ministroak Taib Charkaui Marokoko Barne ministroarekin bildu da gaur Madrilen. Hasiera batean bilerako gai-zerrendan ez zegoen Mendebaldeko Sahararen egoera, baina baliteke gatazkaren inguruan hitz egin izana, Barne Ministerioko iturrien arabera.

Ordu eta erdi bilduta izan dira herri bien arteko segurtasuna eta polizia-kooperazioa sendotzeko beharrari buruz hitz egiteko. Bileraren ostean, bazkari ofizial bat egin dute Ministerioko egoitzan.

Kereila Auzitegi Nazionalean

Bestalde, Giza Eskubideen aldeko Espainiar Ligak Marokoko hiru ministroren eta Aaiungoko gobernadorearen aurkako kereila aurkeztu du gaur Auzitegi Nazionalean.

NBEko Segurtasun Kontseiluak gaur aztertuko du krisia

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseilua gaur aztertzen ari da Saharako krisia.

Azken gertakariei buruz informazioa batuko dute, eta seguru aski NBEk han duen misioaren (Minurso) datuak entzungo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea