Mundua -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

M5S alderdiak Italiako hauteskunde orokorrak irabazi ditu, inkesten arabera

Bestalde, Ligak eta Forza Italiak % 15a lortuko luke bakoitzak, eta litekeena da koalizio hori Parlamentuan lehenengo indar bihurtzea. Behin betiko emaitzak goizaldean zehar jakinaraziko dituzte

Luigi di Maio, M5S alderdiko buruzagia. Argazkia: EFE.
Luigi di Maio, M5S alderdiko buruzagia. Argazkia: EFE.
Luigi di Maio, M5S alderdiko buruzagia. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luigi di Maio buru duen Movimento 5 Stelle (M5S) alderdiak bozen % 30a eskuratu du igande honetan Italian izandako hauteskunde orokorretan, hauteslekuetan egindako galdeketen arabera. Atzetik zentro-ezkerreko Alderdi Demokratikoa geratu da, Matteo Renzi lehen ministro ohiaren alderdia, alegia, bozen % 21arekin.

Bestalde, Ligak eta Forza Italiak % 15a lortuko luke bakoitzak, eta litekeena da koalizio hori Parlamentuan lehenengo indar bihurtzea. Behin betiko emaitzak astelehen goizaldean zehar jakinaraziko dituzte, behin botoen zenbaketa amaituta.

Parte-hartzea

Hautesleen % 74 inguruk eman du boza igande honetan, Barne Ministerioak zabaldutako datuen arabera. 2013ko hauteskundeetan bi boza-egun izan zituzten italiarrek, eta parte-hartzea % 75,2koa izan zen. 46 milioi herritarrek zuten hauteskunde orokor hauetan parte hartzeko eskubidea.

Europako Batasuna Italiari begira esnatu da gaur. Kanpaina gogor baten ostean, iritsi da Hauteskunde Orokorretan Italiako Gobernu berria erabakitzeko eguna. 07:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak, eta 23:00ak arte izan dute 46 milioi inguru italiarrek euren botoa emateko aukera.

Azken 70 urteotan 64 gobernu izan ditu Italiak, eta oraingo honetan ere, ziurgabetasuna da nagusi. Inkesta gehienen arabera, gaurko emaitzek utziko duten Parlamentua oso zatituta geratuko da, gehiengo argirik gabe, eta akordioak ezinbestekoak izango dira, aurrera egiteko.

Italiako bozketa sistema nahasgarria akatsak eta baliogabetzeak eragiten ari da

Italiarrek "Rosatellum bis" bozketa sistema izan dute. Horren arabera, botoa emateko modua mistoa da: batetik, zirkunskripzio uninominaletan oinarritutako gehiengo sistema bidez izendatzen dituzte bi ganberetako eserlekuen % 36; gainerako % 64a, berriz, modu proportzionalean erabakitzen dira, hautagaitza plurinominaletan.

Beraz, herritarrak hauteslekura joan direnean, mahaiko presidenteak bi txartel eman dizkie: Diputatuen Ganberarako arrosa bata, eta Senaturako horia bestea.

Zirkunskripzio uninominaletara aurkezten diren hautagaien izenak irakur daitezke txarteletan. Jarraian, zerrenda horien azpian, hautagai horiek babesten dituzten zerrendez gain, zirkunskripzio plurinominaletako lau hautagai ageri dira. Hori kontuan izanik, txartelak desberdinak izan dira hautesleku bakoitzean.

Sistema horrek hainbat arazo eragin ditu gaur goizean. Palermon, esaterako, izenak nahastuta zituen 200.000 txartel ipini dituzte. Era berean, Erromako hautesleku batean, Senaturako hautagaien izenak gaizki jarrita zeudela ohartarazi dio herritar batek mahaiko presidenteari. Hortaz, bozketa bertan behera utzi dute, txartel egokiak izan arte.

Inkestak

Eskuineko koalizioa jotzen dute irabazletzat galdeketek; Silvio Berlusconiren Indarra Italiak, Matteo Salviniren Ipar Ligak eta Giorgia Meloniren Italiako Anaiak osatzen dute koalizioa. Batez beste, botoen % 35 ematen dizkiete azken asteotako inkestek. Beraz, irabazi bai, baina koalizio horrek ez luke Italiako Gobernu berria osatzeko gehiengo nahikoa eskuratuko.

Luigi di Maio hautagai duen Bost Izarren Mugimendu antisistema izango litzateke alderdi bozkatuena, botoen % 29rekin, baina hori ere gehiengotik urruti.

Matteo Renzi lehen ministro izandakoren Alderdi Demokrata, berriz, hirugarren indarra litzateke, botoen % 23kin.

ITALIA HAUTESKUNDEAK ELECCIONES EFE

Argazkia: EFE

Boto emaileen % 30ek, berriz, botoa erabaki gabe zutela zioten duela orain bi asteko inkestek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Munduko albisteak 2024 Europar Batasuna Europa Albisteak Italia Hauteskundeak gaur