Mundua -
AEB ARMAK
AEBko irakasleei armak erabiltzen erakustea proposatu du Trumpek
Ikastetxeetan segurtasuna indartzeko planak aurrekari penalak kontrolatzea onartu du, baina alde batera utzi du 21 urte izan arte arma jakin batzuk erosteko debekua.
Agentziak | Erredakzioa
Ikastetxeetan segurtasuna indartzeko plana aurkeztu du gaur Etxe Zuriak. Horren arabera, zenbait irakasleri armak erabiltzen erakusteaz gain, aurrekari penalen sistema hobetu nahi dute agintariek. Aitzitik, arma jakin batzuk erosteko baimena 21 urtera arte atzeratzeko debekua alde batera utzi du proposamenak.
Neurri horiek ezartzeko, Betsy DeVos Hezkuntza idazkariak gidatuko duten batzorde federala sortuko dute.
Horrez gain, estatuei eta agintariei "bereziki gaituta dagoen langileak ongi entrenatzen" laguntzea eskatu diote AEBko Justizia Sailari.
Bestalde, Aurrekari Penalak Identifikatzeko Sistema Nazionalari (NICS ingelesez) informazio garrantzitsua helarazteko pizgarriak emateko John Cornyn senatari errepublikarrak eta Chris Murphy demokratak egindako lege proposamena babestu du Etxe Zuriak.
Otsailean Parklandeko (Florida) ikastetxe batean izandako tiroketa masiboa gertatu ostean hartu dituzte neurriak. 17 pertsona hil ziren Nikolas Cruz 18 urteko gazteak egindako erasoan.