Mundua -

Brexit

Europak eta Erresuma Batuak 'brexita'ren trantsizio epea adostu dute

21 hilabeteko trantsizio aldia izango da, eta Erresuma Batuak 2019ko martxoan Europar Batasuna utzi ostean ipiniko dute abian.

Michel barnier (Europako Batasuna) eta Davod Davis (Erresuma Batua). EFE
brexitaren trantsizio epearen akordioa, 2018ko martxoak 19
Michel barnier (Europako Batasuna) eta Davod Davis (Erresuma Batua). EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bruselak eta Londresek bi urteko trantsizio epea adostu dutela iragarri du gaur Michel Barnier 'brexita' negoziatzeko Europar Batasuneko (EB) negoziatzaile buruak. 2019ko martxoan Erresuma Batuak Europar Batasuna uzten duenean ipiniko da martxan prozesua.

"Trantsizio epeari buruzko akordioa" lortu dugu, baieztatu du agintari frantziarrak bi aldeen arteko negoziazioaren ostean eskainitako prentsaurrekoan.

Erresuma Batuak eskatutako epeak 21 hilabete iraungo du, martxoaren 30etik 2020ko abenduaren 31ra. Garai horretan, Europar Batasunak ez du erabakietan parte hartuko, ez delako EBko kide izango. Hala ere, merkatu bakarrera eta aduana-batasunera duen sarbideari eutsiko dio. Gainera, Europar Batasuneko 28 herrialdeen legedia osoa ezarriko da.

Trantsizio garaian Erresuma Batura iristen diren herritarren eskubideen inguruko desadostasunak ere konpondu dituzte Londresek eta Bruselak.

"Epe horretan iristen diren herritar britainiarrek eta europearrek 'brexitaren' aurretik heldu direnek dituzten eskubide eta berme berak izatea adostu dugu", azaldu du Barnierek.

Bai Barnieren bai 'brexitaz' arduratzen den David Davis ministro britainiarraren iritziz, bloke komunitariotik irteten direnean, enpresei eta Erresuma Batuko administrazioari etorkizunerako prestatzen lagunduko die trantsizioak.

Berebat, "Erresuma Batuaren irteera ordenatua egiteko nazioarteko hitzarmena" izango denaren inguruko adostasuna ere lortu dute, Barnierek baieztatutakoaren arabera, arlo finantzarioan eta herritarren eskubideen atalean, batez ere.

Hala eta guztiz ere, zenbait gai zehaztu gabe daudela aipatu du: irteera-itunaren gobernantza edo Irlanda eta Ipar Irlandaren arteko muga, besteak beste.

Londres eta Bruselaren arteko akordioak "borondate ona" erakusten duela esan du Mayk

Theresa May lehen ministro britainiarraren esanetan, "borondate onez" bi aldeek etorkizunerako akordioa erdietsi dezaketela ondorioztatu du Londresek eta Bruselak 'brexitaren' trantsizio epeari buruz egindako itunak.

"Bi aldeen borondate onez, gogor lan eginez, Erresuma Batuarentzat eta Europar Batasunarentzat interesgarria izan daitekeen etorkizuneko akordioa egitea posible dela erakutsi du gaurko albisteak", adierazi du Mayk adierazpen batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Erresuma Batua Gaurko azken orduko albistea Brexita albisteak Zer da Brexita