Mundua -
Siria
Ekialdeko Ghoutako azken matxinoek amore ematea onartu dute
Hainbat egunez negoziatu ostean, Islamaren Armadak hiria uztea onartu du. Bestalde, haien soldaduak Alepo probintziaren ipar-ekialdera eramatea adostu dute alde errusiarrarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Borrokalariak eta zibilak Ekialdeko Ghoutako hiri nagusitik, Dumatik, ateratzeko akordioa adostu dute Islamaren Armada taldeak eta Errusiak (Siriaren aliatua). Oposizioaren esku zegoen hiri bakarra zen Damasko kanpoaldeko eremu hori.
Hainbat egunez negoziatu eta gero, Islamaren Armadak hiritik joatea onartu du. Horrez gain, borrokalariak, haien senitartekoak eta hala nahi duten zibilak Alepo probintziako ipar-ekialdera eramatea hitzartu du Errusiarekin, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez.
Matxinoek, bere aldetik, ez dute itunaren aurrean erantzunik adierazi; beraz, Ekialdeko Ghoutako erresistentzia armatua amaitutzat joko litzateke.
Behatokiaren esanetan, bai Islamaren Armadak bai agintari siriarrek Al Qalamun Oriental eremura bideratuko dituzte ebakuatuak, Damasko iparraldean. Siriako Gobernuak inguratuta du zonalde hori.
SANA Siriako albiste agentzia ofizialak, aldiz, ebakuatuak matxinoek kontrolatutako Yarablus herrira eramango dituztela jakinarazi du, Alepo probintziaren ipar-ekialdean.
Behatokiak egindako azken kontaketaren arabera, 1797 zibil hil dira Ekialdeko Ghoutan azken bi hilabeteetan izandako aire erasoetan, horietatik 668 adingabeak.