Mundua -

Ekialde hurbila

Israelek 23 pertsona hil ditu Sirian Iranek dituen helburuei eraso eginda

Inteligentzia zentroak, base militarrak, biltegiak eta misil balistikoei eraso die Israelek, Armadaren arabera.

Misilak Damascon (Siria), bart. Argazkia: EFE
Misilak Damascon (Siria), bart. Argazkia: EFE
Irango hainbat helbururi eraso egin die Israelek Sirian

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek hainbat helburu irandarri eraso die bart Sirian, 20 misilen oldarraldia pairatu ostean. Misil horietatik, lau bidean harrapatu zituzten, eta gainerakoak lurralde siriarrean erori ziren, Israelgo Armadatik azaldu dutenez.

Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakinarazi duenez, gutxienez 23 pertsona hil dituzte erasoan. Hildakoen artean daude Siriako indar erregularren bost kide, tartean ofizial bat, eta Siriako eta atzerriko beste 18 militar.

"Zenbait helburu militarri eraso diegu Sirian", Johnatan Conricus Israelgo buruzagi militarraren esanetan, "zenbait aste edo hilabete daramatzagu operazio honetan lanean, Irango erasoaldi batzuk zapuztuta", gaineratu du.

Israelgo Defentsa Indarren arabera, misilek Siriako aireko defentsaren sistemako bost unitateren aurka talka egin zuten, eta Israelgo zenbait ehiza-hegazkini tiro egin zioten, Armadaren ohar batean jaso zutenez.

Qasem Soleimani jeneral irandarrak, bestalde, misilen bidez Golaneko komunitate israeldarren aurka indar irandarrek egindako erasoaldiaren erantzuletako bat litzateke, aipatutako oharraren arabera. Hain zuzen, Burdinazko Kupula ezkutuak horietako batzuk atzeman ditu.

Israelek Errusiako Gobernuari abisatu dio Sirian eraso egin baino lehen. "Errusiarrak jakinaren gainean daude, ezarritako protokoloaren arabera", Conricusen hitzetan.

Atzoko operazioa "Aireko Indarrak azken urteetan egindako operaziorik handienetakoa izan da, eta handiena helburu irandarren aurka egindakoa. Dozenaka helbururi eraso zaizkie: inteligentzia zentroak, base militarrak, biltegiak, misil balistikoak eta misilak jaurtitzeko erabilitako ibilgailu bat".

"Iranek Sirian dituen materialak suntsitzea izan da lehentasuna, ez pertsonak hiltzea. Iranek hilabetetan egindako lana deuseztatu dugu", baieztatu du Conricus. "Erasoa jasan duten helburu guztiak suntsituta geratu dira eta gure hegazkinak kalterik izan gabe itzuli dira".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Iran Israel Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean? Siria