Mundua -

Harrikatu behar zuten

Sakineh Ashtiani, haren semea eta abokatua aske utzi ditu Iranek

Adulterioa egotzita harrika hiltzera zigortu zuten emakumea. Askapenak "gizateriarentzako arrakasta historiko bat" dira, Harrikatzearen Kontrako Batzordeko bozeramaile batek azaldu duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sakineh Ashtiani adulterioa egotzita harrika hil behar zuten Iraneko emakumea aske utzi dute. Era berean, haren semea eta abokatua askatu dituzte, Harrikatzearen Kontrako Batzordeak jakitera eman duenez.

Gaur askatu dituzte, baina datozen orduetan edo bihar jakitera emango dute Irango iturri ofizialek, Batzordeko iturriek aurreratu dutenez.

Askapenak "gizateriarentzako arrakasta historiko bat" dira, Mina Ahadi Batzordeko bozeramaileak (Alemanian) komunikatu baten bidez azaldu duenez. Iranetik heldu diren albisteak "pozgarriak" direla erantsi du.

43 urteko Ashtianiri heriotza-zigorra ezarri zioten Tabrizen, 2006an egindako bi epaiketa ezberdinetan. 2007an, lehen zigorra (urkatuta hil) ordeztu zuen apelazioko auzitegi batek eta hamar urteko espetxe-zigorra ezarri zion.

Baina zenbait gizonekin ustez egindako adulterioagatik harrikatuta hiltzera zigortu zuen bigarren epai batek, besteak beste, bere senarra hiltzeagatik zigortutako gizonarekin. Hala ere, exekuzioa bertan behera geratu zen aurten, auzia berriz aztertzeko zain. Nazioarteak aho batez gaitzetsi ditu zigor horiek.

Ashtianiren semea eta Javid Houtan Kian abokatua urrian atxilotu zituzten, Bild am Sonntag Alemaniako egunkariaren bi kazetarirekin batera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea