Mundua -
Krisia Italiako Gobernuan
Berlusconiren aurkako konfiantza mozioa bozkatuko dute gaur Senatuan
Italiako lehen ministroak egun erabakigarria du astearte honetan. Izan ere, Senatuan haren kontrako konfiantza mozioa bozkatuko dute, eta zentsura mozioa Diputatuen Ganberan.
Erredakzioa
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak legegintza amaitu arte Gobernuan jarraitu ahal izateko ituna eskaini die astelehen honetan talde parlamentario moderatuei.
''Il Cavaliere'' Senatuan mintzatu da, bihar haren aurkako konfiantza mozioa bozkatuko baitute bertan.
Hitzaldian, Berlusconik krisi politikoa galarazteko eskatu die taldeei, ondorioak guztiz ezezagunak izango bailirateke.
Lehen ministroak 2008ko apirilean hauteslekuek esandakoa ez urratzeko dei egin die Etorkizuna eta Askatasuna (FLI) Gianfranco Finiren alderdiko diputatuei.
Berlusconi oso moderatu agertu da hitzaldian, eraso pertsonalak saihestuta, eta "Gobernu eragingarria" izateko bide bakarra "egungo Gobernuari konfiantza berritzea" dela esan du.
Berlusconiren amaiera?
Gobernuburuak egun erabakigarria du astearte honetan, Senatuan haren kontrako konfiantza mozioa bozkatuko dutelako, eta zentsura mozioa Diputatuen Ganberan.
Senatuan, Berlusconiren garaipena ia segurua da, gehiengo osoa baitu, baina Behe Ganberan egoera zailagoa da, gehiengoa galdu egin baitu, Finiren alderdia Gobernutik atera eta gero.