Mundua -
Quebec
G7aren goi-bilera hasi da, aliatuen liskarren artean
Errusia G7an berriro onartzeko Trumpen proposamena errefusatu du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak. “Nazioarteko ordena aldatu” nahi izatea egotzi dio Tuskek AEBko presidenteari.
Agentziak | Erredakzioa
La Malbaien (Kanada) goi-bilera hasi dute gaur G7ko buruzagiek. Ameriketako Estatu Batuen eta aliatuen arteko desadostasunak sakonak dira merkataritzan zein kanpo politikan. Horregatik, denak ezkor dira.
Alemania, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Japonia eta Erresuma Batuko buruzagiek, besteak beste, Donald Trump AEBko presidentearen eta mendebaldeko aliatuen arteko merkataritza eta krisi politikoa izango dituzte mahai gainean.
Presidenteak eta lehen ministroak La Malbaieko Le Manoir Richelieu luxuzko hotelera heldu dira. Goi-bilera bertan egingo dute ostiraletik larunbatera.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak eta Sophie Gregoire Trudeau haren emazteak buruzagiak banan-banan hartu dituzte hoteleko lorategietan, San Lorenzo ibaiertzean, Quebecetik 140 bat kilometro ipar-mendebaldera.
Errusia G7an berriz onartzeko, Trumpen eta Giuseppe Conte Italiako lehen ministroaren proposamena arbuiatu du gaur Donald Tusk Europako Kontseiluaren presidenteak.
Mosku orduko G8tik kanporatu zuten 2014an, Errusiak Krimeako lurralde ukrainarra beretu ondoren.
“G7 bere horretan utziko dugu. Zazpi zori oneko zenbakia da, gutxienez gure kulturan”, adierazi du Tuskek. Europako Kontseiluko presidentearen ahotan, “azken urteetako hitzordurik zailena” izango da. “Nazioarteko ordena aldatu” nahi izatea leporatu dio Tuskek Trumpi.
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Bagotvilleko basean. Argazkia: EFE
Nahiz eta Kanadak ezarritako gai-zerrendan genero berdintasuna, garapen ekonomiko orekatua eta ozeanoetan plastikoaren kutsadurari aurre egiteko neurriak izan, programa erabat aldatu dute Trumpen eta G7ko gainerako kideen arteko desadostasunek.
Kanadara joan behar izanarekin haserre agertu da Trump. Azken orduetan Europaren eta Kanadaren merkataritza politiken aurka egin du AEBko presidenteak Twitter sare sozialean, Ameriketako Estatu Batuentzako “bidegabeak” direla egotzita.
Maiatzaren amaieran, aliatuen altzairu eta aluminio inportazioei % 25eko eta % 10eko muga-zergak ezarri zizkion Trumpek, hurrenez hurren. Herrialde horiek antzeko neurriak ezarri zizkieten AEBko produktuei.
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzetan, klima aldaketaz eta merkataritzaz eztabaidatzeari uko egiten dio Trumpek, baina G7ak ez du azken adierazpena motelduko. Horrela, AEBek azken adierazpena sinatuko ez dutela aditzera eman du Macronek.