Mundua -

ANALISIA

Guatemala, hondamendia eta zabarkeria?

Herritarrak ebakuatzeaz arduratu behar ziren autoritateak ikertuko dituztela baieztatu dute oposizioko diputatuek, zabarkeria egon zen edo ez argitzeko.

Guatemalako Fuego sumendia. Argazkia: EFE
Guatemalako Fuego sumendia. Argazkia: EFE
Guatemalako Fuego sumendia. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den ekainaren 3an Guatemalan hasi ziren erupzioek 110 hildako eta 200 desagertu baino gehiago utzi dituzte dagoeneko Auzitegi Zientzietako Institutu Nazionalak argitaratutako azken datuen arabera. Horiek ikusita, azken hamarkadetan herrialdeak sufritu duen zorigaitz handienetariko baten aurrean gaude.

Igande gauean, Fuego sumendiaren bigarren erupzioa izan ondoren, Jimmy Morales Guatemalako presidenteak prentsaurrekoa eman zuen, eta horrek egoera okertu besterik ez du egin. Estatuak bertan gaur egun dagoen egoera larriari aurre egiteko beharrezko baliabiderik ez duela esan zuen, eta diru-kutxa publikoetan dagoena ez dela hondamendi horri aurre egiteko nahikoa gaineratu. Halaber, aurrekontuen legeak ez duela larrialdiei aurre egiteko partidarik jasotzen adierazi zuen.

Hori guztia biktimen kopuruak gora egiten jarraitzen duenean gertatu da, eta herritarrek ez dute ahaztu euren presidentea dela Latinoamerikan soldata handiena duen agintaria (19.640 dolar jasotzen ditu hilean).

Hondamendiak Murrizteko Koordinakunde Nazionalak (Conred) ere jaso ditu kritikak. Igande goizean, lehen erupzioa izan ondoren, sumendiaren hegaleko komunitateak ez zirela oraindik ebakuatu behar adierazi zuen, nahiz eta bertan goizeko seiak zirenean ohartarazi zuen Sismologia, Bulkanologia, Meteorologia eta Hidrologia Institutu Nazionalak (Insivumeh) material piroklastikoa isuriko zuen erupzio arriskutsu bat izateko arriskua zegoela. Bigarren erupzioa izan ondoren, hondamendia izan baino ordu batzuk lehenago, Conred elkarteko kideek ezabatu egin zuten sare sozialetan zabaldu zuten lehen mezua, ez zela ebakuaziorik behar esateko zabaldutakoa.

Argi dagoena da igandetik Guatemala suntsitzen ari den hondamendiaren aurrean erantzun askoz eraginkorragoa eman beharko zukeela 37 sumendi dituen herrialde batek lehen abisua eman zenetik.

Sergio Cabañas Conredeko idazkari exekutiboak adierazi zuenez, Insivumeh institutu nazionalak kaleratu zituen buletinek ez zuten mezu argirik eman, eta ez zuten erupziorik iragarri.

Datu hauek guztiak mahai gainean dituztela, oposizioko diputatuek bi agintari horiek ikertuko dituztela esan dute, zabarkeriaz jokatu zuten argitzeko.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Guatemala Munduan aktibo dauden sumendiak