Mundua -
Honshu uhartean
6,1 graduko lurrikara batek hiru pertsona hil eta 200dik gora zauritu ditu Japonian
Osaka eta Takatsuki hirietako hainbat eraikin goitik behera erori dira, eta baliteke norbait harrapatuta geratu izana. Eskualde horretako erreaktore nuklearrek ez dute kalterik izan.
agentziak | erredakzioa
6,1 graduko maila hartu duen lurrikara batek Japoniako ekialdea astindu du, gutxienez hiru pertsona hil (tartea 9 urteko neskato bat) eta 200dik gora zaurituta, agintariek adierazi dutenez.
Yoshihide Suga Japoniako Gobernuko bozeramaleak emandako prentsaurreko baten adierazi duenez, gutxienez hiru pertsona hil dira dardararen ondorioz. NHK telebista katearen esanetan, zaurituak 230 lirateke sei prefekturatan.
Dagoeneko baieztatu dituzten hiru hildakoen artean 9 urteko neskatila bat dago. Takatsuki hiriko eskola baten horma gainean erori zaio neskatoari. Gainera, 85 urteko gizon bati apalategi bat jausi zaio gainean, Ibarakin, etxean zegoela. Halaber, 80 urteko beste gizon bat horma baten azpian harrapatuta geratu da Osakan.
Seismoa hango 07:58an izan erregistratu dute (Euskadiko igandeko 12:58an) eta hipozentroa 13 km-ko sakoneran izan du Osakan, Honshu uhartean (Japoniako artxipelagoko uharterik handiena da) eta Tokiotik 500 bat km-ra, Meteorologia Agentziak zabaldu duenez.
Lurrikararen ostean ez dute tsunami alerta aktibatu, nahiz eta 7 mailatik 6.era heldu den Osakan, Japoniako eskalan, eta 5era Kiotoko prefekturan.
Gainera, Osaka eta Takatsuki hirietako hainbat eraikin goitik behera erori dira, eta baliteke norbait harrapatuta geratu izana, tokiko telebista kateek informatu dutenez.
Dardararen ondorioz, bala-trenaren zerbitzua bertan behera geratu da, Osaka, Shiga, Hyongo, Kioto eta Nara prefekturetako tren zerbitzu lokaletan bezalaxe. Ordu batzuk beranduago, normaltasunera itzuli dira.
Bestalde, argindarra martxan da berriz, 170.000 bat pertsonak zerbitzua etenda izan ostean, baina 100.000 inguruk ez dute gasik eta, Osaka Gas enpresaren esanetan, 10 egun inguru beharko dituzte zerbitzua erabat berrezartzeko.
Era berean, zenbait hiritan ura moztu dute eta Osakako gune batzuetan uholdeak izan dira, estoldak apurtu direlako.
Kansaiko Nazioarteko Aireportua, Janponia mendebaldeko nagusiena, itxita egon da, baina normaltasunera itzuli da dagoeneko, pistak egoera egokian daudela baieztatu eta gero. Aldiz, Osakakoan 80 hegaldi bertan behera geratu dira.
Eskualdean dauden 15 erreaktore nuklearrek ez dute kalterik izan lurrikaragatik, agintarien arabera.