Mundua -

TRUMPEN GOBERNUA

NBEko Giza Eskubideen Kontseilutik alde egin du AEBk

Giza Eskubideen Kontseiluko kide diren hainbat herrialdek ez dituztela giza eskubideak errespetatzen esan du Trumpen Gobernuak, eta horregatik erabaki dutela erakunde hori uztea.

haley

AEBk NBEko Giza Eskubideen batzordea utzi egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Kontseilua uztea erabaki dute Ameriketako Estatu Batuek, erakunde horretako kide diren hainbat herrialdek giza eskubideak ez dituztela errespetatzen argudiatuta.

Nikki Haley AEBko enbaxadoreak NBEn iragarri zuen berria, atzo, Washingtonen eman zuen prentsaurrekoan. Horren hitzetan, Giza Eskubideen Kontseiluko hainbat kideren jarrera "ez da onargarria", eta, bereziki, Txina, Venezuela, Kuba eta Kongoko Errepublika Demokratikoa aipatu zituen. Herrialdeok, Haleyen esanetan, ez dituzte giza eskubideak errespetatzen.

Nazio Batuen Erakundeak Israelen kontra duen "aurreiritzi kronikoak" ere eraman omen du Donald Trumpen Gobernua erabakia hartzera.

Iaz iragarri zuen AEBk Giza Eskubideen Kontseilua uzteko asmoa, eta Haleyk atzoko agerraldian azaldu zuenez, azken hilabeteotan ahalegin asko egin dituzte, "egoera bideratzeko". "125 herrialde baino gehiagorekin bildu garen arren, ez dugu lortu guk nahi genuen emaitzik", esan zuen enbaxadore estatubatuarrak.

Mike Pompeo Estatu Batuetako Estatu idazkariak ere hartu zuen parte atzoko prentsaurrekoan, Haleyri babesa adieraziz. Txalotu egin zituen azken horren hitzak, eta "hipokritatzat" jo zuen Nazio Batuen Erakundea.

"Ez dugu zalantzan jartzen asmo onez sortutako erakundea dela, baina zintzoak izan behar dugu: NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak ez ditu giza eskubideak defendatzen", esan zuen Pompeok.

Azken hilabeteotan nazioarte mailako hainbat erakunderekin hartuko konpromisoak bertan behera utzi ditu AEBk: Unescorekin adostutakoa, Klima aldaketaren aurkako Parisko akordioa edota Iranekin zuen hitzarmen nuklearra, besteak beste.

Horren aurrean, Pompeok ziurtatu zuen Estatu  Batuek nazioarteko erakundeekin lan egiteko prestutasun osoa dutela, baina ez direla izango giza eskubideen kontrako erabakien konplize. "Laguntza humanitarioan liderrak gara; ez dugu lezio hipokritarik emango", esan zuen Pompeok.

Erreakzioak

AEBn erabakiak ez du inor ezustean harrapatu. Zeid Ra'ad al Hussein NBEko Giza Eskubideen goi ordezkariak esan zuen "etsigarria" dela Trumpen Gobernuaren jarrera, erabakiak harritu ez badu ere. "Munduan giza eskubideen egoera ikusita, AEBk aurrera begirako erabakiak hartu beharko lituzke, etengabe atzerapausoak ematen egon beharrean", esan du.

Israelgo Gobernuak, bestalde, txalotu egin du Washingtonen erabakia, eta gaineratu du NBE "giza eskubideen aldeko benetako kezka dutenen etsaia" dela.

Human Rights Watch (HRW) erakundearentzat, berriz, Estatu Batuen erabakia "tristea" da, gehiegikeriak jasaten ari diren mundu osoko herritarrei bizkarra eman dietelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak NBE Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Giza eskubideak