Mundua -
ANALISIA
Erdoganen eragina nonahi nabarituko da Turkian
Igandeko hauteskundeekin sistema presidentzialista sartu da indarrean Turkian, presidenteari botere handiak ematen dizkion sistema.
Imanol Butron Alonso (*)
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak berriro erakutsi du oraindik ez duela bera gaindituko duen aurkari politikorik, presidenterako eta parlamenturako hauteskundeak irabazita igandean. 2002tik zortzigarren aldiz irabazi ditu jarraian, baina oraingoan inoiz baino bereziagoa izan da, bi arrazoirengatik.
Turkiako egungo krisialdia konpontzeko gaitasunik duen zalantzan jartzen ari zirenean eta oposizioa inoiz baino indartsuago zegoenean iritsi da Erdoganen garaipena. Hauteskundeak irabazi eta Erdogani gauzak zailtzea espero zuen oposizioak, baina garaipen hori ez da heldu azkenean.
Halaber, 1982ko Konstituzioarekin garatutako sistema parlamentariotik 2018ko apirilaren 16an onartutako sistema presidentzialerako jauzia egin beharko dute hauteskundeen ostean, presidenteari botere ia mugagabeak ematen dizkion sistema hori ozta-ozta onartu bazuten ere, boto-emaileen % 51,3ko babesarekin, hain zuzen.
Erdoganek, beraz, eskatzen zituen botere osoak ditu jada krisi ekonomikoari, Sirian eta Iraken kurduen aurka duten gerra irekiari, 2016ko uztailaren 15ean estatu-kolpe saiakera odoltsua izan zenetik turkiarren bizimodua baldintzatzen ari den larrialdi-egoerari eta errefuxiatuen etorkizunari aurre egiteko.
Baina zer aldatuko du sistema presidentzialista batean sartzeak?
Aldaketa nagusi bat eragingo du. Estatuburua izateaz gain, gobernuburua ere izango da Erdogan, eta Botere Legegilea legeak egitera bakarrik mugatuko da. Presidenteak, berriz, ministroak izendatu eta kargugabetu ahalko ditu, lehen ministro kargua desagertu egingo da, eta presidenteordearena sortu. Presidenteak aukeratuko du, batere zilegitasun demokratikorik gabe eta Parlamentuak onetsi beharrik gabe.
Beste aldaketa garrantzitsu bat egongo da: Erdogan bere alderdi politikoko kide eta lider ere izan daiteke. Ondorioz, horren eragina nabarmenagoa izango da Parlamentuan.
Gainera, presidenterako eta parlamenturako hauteskundeak batera egin dituzte. Ondorioz, Presidentetza eta Parlamentua batera kontrolatu ahalko ditu, eta, behar badu, presidenteak nahi duenean desegin ahalko du Parlamentua, arrazoia edozein dela ere.
Justiziaren alorrean ere, aldaketa handiak izango dira. Presidenteak eta Parlamentuak Epaile eta Fiskalen Batzordeko kideetako batzuk aukeratu ahalko dituzte (sei eta zazpi, hurrenez hurren). Horrek botere judizialaren askatasuna murriztuko du eta Parlamentuan eta Presidentetzan nagusi den alderdiari justizian botere erabakigarria izateko aukera emango dio.
Aldaketa hauek guztiak sistema parlamentarioan izango diren aldaketa batzuk baino ez dira, baina presidentearen eragina nonahi nabaritzea ekarriko dute, Erdoganek eta horren alderdiak (Justizia eta Garapenaren Alderdia) Parlamentuan duen indarra ikusita.
(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.