Mundua -
TXILE
Bederatzi militar ohi zigortu dituzte Txilen, Victor Jararen hilketagatik
Txileko Justiziak 18 urteko kartzela zigorra ezarri die zortziri eta 5 urtekoa, berriz, besteari. Estatuak 1,8 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko die senideei. Kantautorea 1973an hil zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txileko Justiziak bederatzi militar ohi kondenatu ditu Victor Jara kantautorearen eta Littre Quiroga espetxe zuzendariaren hilketagatik. Bi hilketa horiek 1973ko irailean gertatu ziren, Augusto Pinocheten diktaduraren hasieran (1973-1990).
Miguel Vazquez magistratuak 15 urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri die Hugo Sanchez, Raul Jofru, Edwin Dimteri, Nelson Haase, Ernesto Bethke, Juan Jara, Hernan Chacon eta Patricio Vasquez zortzi soldadu ohiei homizidioen egileak direlakoan. Halaber, beste hiru urteko kartzelaldia jarri die Victor Jara eta Littre Quirogaren bahiketagatik.
Rolando Melo ofizial ohiak, ostera, 5 urte eta egun bateko espetxealdia bete beharko du homizidioak estaltzeagatik. Horrez gain, bahiketak estaltzeagatik 61 eguneko espetxe zigorra bete beharko du.
Bestalde, Estatuak 1.370 milioi pesoko (1,8 milioi euro) kalte-ordaina eman beharko die hildakoen senideei.
Magistratuak agindutako ikerketaren arabera, bi hildakoak 1973ko irailaren 11n edo 12an atxilotu zituzten eta Txileko estadiora eraman eta torturatu egin zituzten. Irailaren 15ean eremu horretan zeuden atxilotu guztiak estadio nazionalera eraman zituzten, Jara eta Quiroga izan ezik. Bi horiek tokian bertan hil zituzten: Jarak 44 bala jaso zituen eta hatzak birrindu zizkioten; Quirogak, ostera, 23 bala jaso zituen.
Hilotzak Txileko estadiotik atera eta kalean bota zituzten eraildako beste hainbat gorpurekin batera. Hildakoak 1973ko irailaren 16an aurkitu zituzten Metropolitano izeneko hilerriaren alboan.