Mundua -

Italia

Bi bonba lehertu dira Ipar Ligaren egoitzan, baina ez da inor zauritu

Alderdi horren buruzagia, Umberto Bossi Federalismoaren Erreformarako ministroa, Silvio Berlusconi lehen ministroa babesten jarraitzen duen bakarra da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi lehergailuk eztanda egin dute gaur goizaldean Italian, Gemonio herrian (iparraldea), Ipar Liga alderdiaren egoitzan, baina ez da inor zauritu, Corriere della Sera egunkariak jakinarazi duenez.

Alderdiaren buruzagia Umberto Bossi da, hots, Federalismoaren Erreformarako ministroa eta Silvio Berlusconi lehen ministroa babesten jarraitzen duen bakarra.

Aipatu kazetaren arabera, eztandak 03:00etan inguru jazo dira, Umberto Bossiren etxebizitzatik 50 metrora.

Lehergailuak etxean egindakoak ziren, eta kalte material "handiak" egin dituzte eraikinean eta barruko altzarietan.

Egoitzaren atetik gertu, "Antifa, bigarren atala" mezua utzi dute. Horrenbestez, erasoa talde anarkista batek egin duela uste dute ikertzaileek.

Ostegunean, bi bonba lehertu ziren Txileren eta Suitzaren Erromako enbaxadetan, eta astelehenean eztanda egin ez zuen beste bat atzeman zuten Greziarenean.

Lehen bi erasoak talde anarkista batek aldarrikatu zituen, eta Greziaren enbaxadako atentatu saiakera ere hark egin zuela uste du Poliziak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea