Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Emakume bat hil dute Los Angelesen, bahituak izan dituen tiroketa batean
Poliziarengandik ihes egiten ari zen gazte baten autoak talka egin zuen supermerkatu batetik gertu, eta gaztea barruan sartu zen, bertan 50 bat lagun zeudela.
Agentziak | Erredakzioa
Emakume bat hil dute Los Angelesen (Kalifornia, Ameriketako Estatu Batuak), supermerkatu batean izandako tiroketa batean; hain zuzen ere, gazte batek orduak eman zituen barruan, bahituak eginda, eta Poliziak eta berak elkarri tiro egin zioten.
Larunbat arratsaldean gertatu zen, Silver Lake auzoan, hiriko erditik gertu: “Susmagarria gorabeherarik gabe eraman dugu, zaintzapean”, zabaldu du Los Angeleseko Poliziak Twitterreko bere kontuan.
Handik gutxira, Eric Garcetti alkateak jakitera eman du, prentsaurrekoan, emakume bat hil zuela erasotzaileak, eta susmagarriak zauri bat zuela besoan.
Poliziarengandik ihes egiten ari zen
Agintariek azaldu dutenez, ustezko erasotzaileak, 28 urtekoa bera (nor den ez dute esan), ihes egiten ari zen; izan ere, Los Angeleseko hegoaldean amonari eta beste emakume gazte bati egin zien tiro.
Jazarpena supermerkaturik gertu amaitu zen; gazteak talka egin zuen autoa, hurbil. Erabaki zuen barruan sartzea, bertan 50 bat lagun zeudela.
Bahituak egin zituen, hiru orduz, eta hainbat tiroketa izan ziren; azkenik, susmagarria errenditu egin zitzaion Poliziari.