Mundua -

Hondamendia

Gutxienez 74 pertsona hil eta 187 zauritu dira Greziako suteetan

Biktima guztiak Rafina eta Nea Makri arteko eremuan aurkitu dituzte, Atenastik 30 bat kilometro ekialdera.

Penteli, Atenas iparraldean, piztu den sutearen irudia. Argazkia: EFE
Penteli, Atenas iparraldean, piztu den sutearen irudia
Azken 24 orduetan 117 sute atzeman dira Atenasen

1:08

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Greziako hiriburutik gertu piztu diren sute larriek gutxienez 74 pertsona hil eta 187 zauritu dituzte dagoeneko, inguru horretako alkate batek Skai Greziako  telebista kateari emandako azken balantzearen arabera. Suteak tarteko, agintariek ebakuazioak agindu dute dituzte inguruko hainbat herritan.

Evangelos Bornous Rafinako alkatearen esanetan, ez zuen ebakuazio agindurik jaso lehen sutea piztu ondoren.

Dimitris Tzanakopoulos Greziako Gobernuaren bozeramaileak emandako aurreko balantzearen arabera, 50 ziren hildakoak. Dena den, Rafinako alkateak gerora adierazi duenez, suhiltzaileek beste hamar hilotz aurkitu dituzte Mati udalerrian, Atenas ekialdean. Zehazki, lau gorpu auto baten barruan topatu dituzte, beste lau etxe baten barruan eta beste bi, berriz, muino batean.

Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, 187 pertsonak erredura larriak dituzte. Zaurituen artean hainbat haur daude, erredurekin zein lesioekin.

Larrialdietarako zerbitzuak dioenez, zauritutakoen artean 11 lagun egoera kritikoan daude, eta hildakoen kopurua handituko ote den beldur dira, pertsona asko zerbitzura deitzen ari baitira haien senideak desagertu direlako.

Biktima guztiak Rafina (Atenasetik 30 km-ra) eta Nea Makriren (10 bat km-ra iparraldera) artean dagoen lur eremuan topatu dituzte.

Hildako gehienak ez aurrera ez atzera egin ezinik geratu ziren su garren artean, bai etxeetan baita autoetan ere. Beste askok itsasora jo zuten sutik ihesean, baina ito egin ziren.

Argazkia: EFE

Argazkia: EFE

Suhiltzaileen hitzetan, oraindik hiru sute daude Aticako eskualdean, baina badaude beste sute batzuk herrialdeko beste puntutan ere, bereziki Corinto inguruan, Peloponeson, eta Kreta uhartean.

Sua itzaltzeko lanak gau osoan luzatu dira, baina haize ufada bortitzek (7 mailako indarra) lana eragotzi dute.

Agintariek larrialdi egoera ezarri eta nazioarteari laguntza eskatu eta gero, Dimitris Tzanakopulos Gobernuko bozeramaleak Espainiatik hegazkinak eta Txipretik boluntarioak gaur heltzekoak direla iragarri zuen.

Uneotan, hiru sute nagusietan -Atica ekialdea, Kineta, baita Corinton eta Kretan ere- sei helikoptero eta hiru hegazkin eta ehunka suhiltzaile daude lanean.

Evanguelos Burnus Rafinako alkateak adierazi zuenez, gutxienez 500 etxe eta 200 ibilgailu kaltetu dira suteetan. Itsasotik abiarazitako ebakuazio-operazioak jarraitzen du eta Itsas Salbamenduko itsasontziek Rafinako bizilagun asko beste gune batzuetara eramateko lanetan dihardute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Grezia Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Hondamendi naturalen biktimak