Mundua -

Manipulazio politikoa

AEBko hauteskunde legislatiboei begira egindako kanpaina antzeman du Facebookek

Dozenaka kontu kendu ditu Facebook eta Instagram sare sozialetan, atzerriko herrialdeek hauteskunde estatubatuarretan esku hartzea ekiditea egotzita.

Oraindik ez daki nork antolatu duen kanpaina. EiTBren atxiboko bideo batetik hartutako argazkia
Oraindik ez daki nork antolatu duen kanpaina
Oraindik ez daki nork antolatu duen kanpaina. EiTBren atxiboko bideo batetik hartutako argazkia

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Facebook sare sozialak politikoki eragiteko kanpaina antzeman duela iragarri du. Kanpaina berria azaroan AEBn egitekoak diren hauteskunde legislatiboen aurrean eragiteko asmoarekin eginda dago, eta, hori dela eta, dozenaka kontu faltsu kendu ditu Facebookek.

Mark Zuckerbergek gidatzen duen sare sozialak azpimarratu duenez, guztira 32 kontu kendu ditu Facebook eta Instagram sare sozialetan, atzerriko herrialdeek AEBko hauteskundeetan esku hartzea ekiditeko.

Facebooken esanetan, ikerketa hasi besterik ez da egin, eta, hortaz, oraindik ez dago esaterik nork sustatu duen 2018ko hauteskundeetan eragiteko kanpaina. Errepublikanoek Kongresua kontrolpean izaten jarraituko duten erabakiko dute hauteskunde horietan.

Sheryl Sandberg operazioen zuzendariaren arabera, iritzi publikoan eragiteko saiakerak gero eta aurreratuagoak izango dira, Facebooken kontrolei ihes egiteko, eta gaur egun "armamentu-gerra" dagoela esan du.

290.000 kontuk baino gehiagok gutxienez orrietako bati jarraitu diote, eta 11.000 dolar bideratu dituzte 150 iragarki egiteko, Facebooken esanetan. Orri horiek 30 ekitaldi bultzatu dituzte iazko maiatzetik.

Enpresak aurretik esan zuenez, bi urtean, 126 milioi estatubatuarrek ikusi ahal izan dute Errusiak Facebooken babestutako eduki politikoa, eta 16 milioi erabiltzailek errusiarrek zabaldutako informazioa jaso dute Instagram bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Facebook Teknologia Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak Instagram Albiste faltsuak Hauteskundeak gaur Internet