Mundua -
Ekitaldi politiko batean
Sei pertsona hil dira eta 13 zauritu Arizona izandako tiroketa batean
22 urteko gizonezko bat atxilotuta dago eta Polizia beste pertsona baten bila ari denez, haren irudia zabaldu du. Giffords kongresista demokratak egoera kritikoan jarraitzen du.
Erredakzioa
Sei pertsona, tartean neskatxo bat eta epaile federal bat, hil dira eta 13 zauritu larunbat honetan Tucsonen (Arizona) izandako tiroketa batean. Gabrielle Giffords kongresista demokrata eta aipatu John Roll epailea ekitaldi politiko batean parte hartzen ari ziren.
Tiroketa 10:00ak jota zirenean gertatu da (18:00ak Euskadin), Tucsonen iparraldean dagoen janari-denda baten aurrean. Cliffords "Kongresua zure etxe ondoan" herritarrei hurbiltzeko ekimenaren lehen ekitaldia egiten ari zen.
40 urteko Giffords bikote batekin hizketan ari zen tiroa buruan jaso duenean, metro bateko distantziatik. Tucsoneko University Medical Center ebakuntza egin diote eta egoera kritikoan dago. Dena den, oso larri dagoen arren, medikuak "baikor" agertu dira.
40 eta 50 urte bitarteko gizonezko zuri baten bila
Jared Loughner 22 urteko gizonezkoa atxilotu dute tiroketaren zerikusia duelakoan. Agintariek baieztatu dutenez, atxilotuak iraganean heriotza-mehatxuak egin eta&' || 'nbsp; Gobernuaren aurkako mezuak Interneten argitaratu ditu.
Pima konderriko sheriffak sarraskia gaitzetsi du eta atxilotuaren gainean honakoa esan du: "Hauxe da Gobernuarekin bukatu nahi duten zenbaiten ahoetatik irteten den amorruaren aurrean bere senean ez daudenen erantzuna".
Polizia beste pertsona baten bila ari denez, horren irudia zabaldu du. CNN telebista-kateak filmatutako irudian 40 eta 50 urte bitarteko gizonezko zuria ageri da, ile iluna du, eta beltz koloreko frakak eta jaka urdin iluna daramatza.
Giffords, Tea Partyren arerioa
40 urteko Giffords 2006an aukeratu zuten Demokraten alderdien hautagai eta ordutik hona beste bi aldiz aukeratu dute Arizonako ordezkari, azkena 2005eko azaroaren 5ean. Orduan Errepublikarren Alderdiko Tea Party mugimendu kontserbadoreko ordezkari bat izan zuen arerio.
Iragan martxoan, Tucsoneko bulegoa izan zen muturreko eskuindarrek eraso zuten demokraten hiru egoitzetako bat. Erasoa Obamak Osasun Zerbitzuen erreforma onartu aurretik gertatu zen.