Mundua -
Bozketa, hilaren 15a arte
Sudaneko Hegoaldeko independentzia, erreferendumean
Iparraldea eta hegoaldearen arteko ezberdintasun soziokulturalekin apurtzea ekar lezake. Txina da Afrikako herrialdearen kide komertzial garrantzitsuena; petrolearen % 40ko partaidetza du.
Erredakzioa
Sudaneko Hegoaldeko independentzia, erreferendumean erabakiko dute gaur hasi eta hurrengo larunbatera arte iraungo duen bozketan. Hori horrela, iparraldea eta hegoaldeko Jartumeko Gobernu Zentralaren arteko apurketa ekar lezake eta bide batez, haien ezberdintasun soziokulturalena.
Ia lau milioi hegosudandarrek bozka emateko izena eman dute eta gehienek argi dituzte independentziaren ondorioak: iparraldearen zapalketaren amaiera eta bakea lortzeko aukera.
Horren harian, ostiralean su-etena sinatu zenez, bi indar nagusiek -Omar Hasan al Bashir Sudaneko presidentea eta hegoaldean, Sudaneko Herriaren Askapenerako Mugimendua- uste dute erreferenduma egiteko une egokiena dela. Halaber, alde biek bozketaren emaitzak eragingo lukeen etorkizun ekonomiko ezezaguna izango delarekin bat datoz; hegosudandarren erabakiak herrialdearen hegoaldean ez ezik, Afrikako erdialdean eragina izan luke.
Sei hilabeteko negoziazio-prozesua eta independentziaren aldarrikapena
Urtarrilaren 15ean izango da bozka emateko azken eguna eta emaitzak, beranduenez, otsailaren 2an jakitera emango dituzte. Gehiengoak "bai" bozkatuz gero, iparraldeak eta hegoaldeak sei hilabeteko negoziazio-prozesua abiatuko lukete eta uztailaren 10ean, Sudaneko Hegoaldearen independentziaren adierazpen ofiziala izango litzateke. Horrela, Sudaneko Hegoaldea estatu indepedente bilakatuko litzateke.
Txinaren emaitzaren zain
Ameriketako Estatu Batuek erreferendumaren aldeko nazioarteko iritzi publikoa gidatu dute eta Txina bozketaren emaitzaren zain dago. Txina da Afrikako herrialdearen kide komertzial garrantzitsuena, petrolearen % 40ko partaidetza du.
Jartumeko Gobernuak petroleo erretserbak ustiatu ditu hainbat hamarkadetan eta herrialdearen ekoizpenaren % 85 kontrolpean du.