Mundua -
Venezuela
Maduroren aurkako erasoaren egile guztiak identifikatu dituzte
Era berean, “magnizidio saiakeraren bezperan egileen ostatu izan zen tokia zehaztu dute”, adierazi du Tarek Saab Venezuelako fiskalburuak.
agentziak | erredakzioa
Nicolas Maduro estatuburuaren aurkako erasoaren egile guztiak identifikatu dituztela iragarri du gaur Tarek Saab Venezuelako fiskal nagusiak. Atentatua iragan larunbatean gertatu zen, eta erasoaren erantzukizuna Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari egotzi dio Madurok.
“Egile guztiak eta kolaboratzaileak identifikatu dituzte”, esan du Saabek prentsaurrekoan. Era berean, “magnizidio saiakeraren bezperan egileen ostatu izan zen tokia zehaztu dute”, adierazi du fiskalburuak.
“Lehergailuak armatu zituzten pertsonak” identifikatu dituztela gaineratu du fiskal nagusiak, “eta pertsona horien nazioarteko loturak zehaztu dira”, inolako izenik aipatu gabe.
Sei pertsona atxilotu dituzte Nicolas Maduro presidentearen aurkako atentatuan parte hartu dutelakoan, eta egile material zein intelektualak identifikatuta daude, Venezuelako Gobernuak atzo, igandea, jakinarazi zuenez. Atentatuan zazpi pertsona zauritu ziren, eta horietako hiru larri daude.
"Orain arte, sei terrorista eta sikario daude atxikita, hainbat ibilgailu konfiskatu, gure herrialdeko hiriburuko zenbait hoteletan miaketak egin, eta zantzu garrantzitsuak atzeman ditugu", esan zuen Nestor Reverol Barne ministroak VTV telebistan.
Maduro Guardia Nazional Bolivartarraren 81. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldi batean parte hartzen ari zela, halako batean, "lehergailuak zeramatzaten droneak erabiliz" atentatua egin zuten haren aurka, baina ez zuten zauritu.
Presidentea hitz egiten ari zela egin zuten atentatua. Maduroren hitzaldia telebista eta irrati bidez ematen ari ziren une horretan, eta berak gidatzen duen gobernuak hartutako azken erabakiak azaltzen ari zen.
Venezuelako Barne ministroaren esanetan, ikerketari esker ondorioztatu dutenez, erasoa "terrorismo eta magnizidio saiakera" izan da.
"Argi dago terrorista eta sikario horiek maila igo dutela, indarkerian sakonduta", gaineratu zuen.
Madurok Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari eta herrialde horretako zein Venezuelako "ultraeskuinari" egotzi die atentatuaren ardura.
Venezuelako militarrek, bestalde, "leialtasun mugagabea" agertu diote Madurori. Oposizioak, bere aldetik, "demokrazia" aldarrikatu du krisialditik ateratzeko.