Mundua -
Hilketa saiakera
Caracasko kaleak bete dituzte atentatu saiakeraren ostean Maduro babesteko
Diosdado Cabellok berretsi egin du oposizioak egin zuela estatuburuaren aurkako erasoa, eta hura gaitzesteko gai ez izatea leporatu dio.
agentziak | erredakzioa
Venezuelako presidentearen milaka jarraitzaile kalera atera dira Caracasen Nicolas Madurori babesa helarazteko, larunbateko atentatutik onik atera ostean.
Gobernuan dagoen PSUV alderdiak deitutako mobilizazioa hiriburuko erdigunetik Miraflores jauregira abiatu da, bertan Maduro hitzaldia ematekoa baitzen.
Diosdado Cabello Asanblea Nazional Konstituziogileko (ANC) presidenteak berretsi egin du oposizioak egin zuela estatuburuaren aurkako erasoa, eta hura gaitzesteko gai ez izatea leporatu dio.
"Eskuineko sektoreei eskatzen diegu pentsa ditzatela gauzak egin aurretik, horrelako gertakari baten aurrean isilik geratu aurretik, herrialdearen zutabe guztiak kolokan jar zitzakeelako, kontinente osoarenak, talde txiki baten anbizio hutsagatik", azaldu du.
PSUVren presidenteorde ere badena gustura agertu da "herritarren erantzunarekin", "berriro ere kalera" atera direlako "bakea konkistatzera, herrialdearen lasaitasuna konkistatzera, indarkeria mota oro gaitzestera".
Larunbatean lehergailuak zeramatzaten hainbat dronek eztanda egin zuten Maduro hitz egiten ari zen agertokitik gertu.
Eraso horren egile materialak atxilotu dituzte jada, sei guztira, eta orain arte ezezaguna zen talde batek hartu du bere gain ekintza sare sozialetan.
Erasoa gertatu eta lau ordura, Madurok Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteari egotzi zion horren ardura, baina horrek ukatu egin zuen gero.