Mundua -

Italia

Dozenaka pertsona hil dira Genovan, zubi bat behera erorita

Ikerketa abiatu dute "homizidio anizkunagatik eta hondamendi zuhurtziagabeagatik"; Mattarella presidenteak ohartarazi du: "Erakunde guztiek egin beharko die aurre erantzukizunari".

Argazkia: @PCProvAL
Oraingoz 30 gorpu baino gehiago topatu dituzte Genovan eroritako zubitik

2:44

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genovan astearte honetan zubi bateko zati bat behera erorita, Italiako agintariek 38 pertsona hil direla baieztatu dute. Gainera, 15 zauritu daude, horietatik 9, larri.

 

 

Liguriako agintariek, halaber, esan dute 432 lagun atera dituztela euren etxeetatik, arriskuak saihesteko; izan ere, aukera dago erortze gehiago egoteko.

Zubia hirigune baten gainean doa, eta bertan merkataritza-zentroak daude, bai eta bizitegi-eraikinak eta industria-guneak ere.

"Homizidio anizkuna eta hondamendi zuhurtziagabea"

Francesco Cozzi Genovako fiskal nagusiak aurreratu duenez, ikerketa abiatuko du, "homizidio anizkunagatik eta hondamendi zuhurtziagabeagatik", xede izanik espedienteak irekitzea. Zubiko ia 200 metro jausi dira; itxuraz, akats estrukturala da.

Sergio Mattarella Italiako presidentearen esanetan, Genovan gertaturikoa "zentzugabea eta ikaragarria da"; esan duenez, agintari eta erakunde guztiek egin beharko diote aurre euren erantukizunari: “Gizarte oso baten kontzientziak hala eskatzen du”, adierazi du, agiri batean.

Salvinik ere ildo beretik jarraitu du: "Hainbat eta hainbat aldiz zeharkatu dut zubi hori. Orain, Italiako hiritar bezala, ahal dudan guztia egingo dut erantzuleen izenak lortzeko, bai aspaldiko erantzuleenak baita oraingoenak ere, onartezina baita jendea horrela hiltzea Italian", azpimarratu du Twitterren.

Ikertzen ari dira zergatik gertatu den

Polcevera zubibidea (A10 autobidea bertatik igarotzen da) 12:00ak aldera jausi da, ikertzen ari dira zergatik. Segurtasun-indarren langileak, suhiltzaileak eta anbulantziak bertaratu dira; hondakinen artean balizko biktimak topatu nahian.

Genovako anbulantzien zerbitzuaren arduradun Francesco Bermanok esan du "dozenaka" hildako egon litezkeela; hala ere, AdnKronosi egindako adierazpenetan, nabarmendu du oraindik ikusteke dagoela hondamendiaren tamaina. Rixi ministrordea ere dago ezbeharraren tokian, eta baieztatu dio SkyNews24 kateari gutxienez 22 hildako daudela.

"Ez dago onartzerik hau bezalako zubi bat, hain inportantea den azpiegitura bat, ez egotea eginda hau saihestu moduan", deitoratu du ministrordeak. "Tunelaren erdiko zatia behera erori da", azaldu du, Reuters albiste-agentziaren esanetan.

"Hondamendi handia"

Danilo Toninelli Italiako Garraioen ministroak Twitterren esan duenez, kasua "kezka oso handiz" ari da jarraitzen; "hondamendi handia" izan liteke. Toninellik esan du harremanetan dagoela autobide-zerbitzuarekin, eta baieztatu du lekura joango dela.

"Minutuz minutu ari gara jarraitzen Genovako egoera", esan du Twitterren Matteo Salvini Barne ministroak; Salvinik eskerrak eman dizkio bizitzak salbatzeko lanean dabiltzan 200 suhiltzaileei eta gainerako "heroiei".

Ibilgailu asko hondakinen azpian daudela uste dute, hori dela eta, larrialdietako zerbitzuak txakurrak erabiltzen ari dira.

Hirigunean erori da behera

Sare sozialetan zabaldutako lehen irudiotan ageri denez, zubiaren alde handi bat behera erori da hirigunean. Azpiegiturak kilometro bateko luzera eta 90 metroko altuera du, 60ko hamarkadan eraiki eta azken urteetan eraberritu zuten.

Erori den zatiaren irudia. Argazkia: Polizia di Stato

Erori den zatiaren irudia. Argazkia: Polizia di Stato

Italian, iaz, Ancona probintzian, beste zubi bat ere jausi zen, herrialdeko mendebaldean. Senar-emazte batzuk hil ziren, Camerano hirian, ibilgailua harrapatuta, gaineko pasabide baten azpian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Italia