Mundua -
ABUZTUAK 19
Lurrikara batek Lombok astindu du berriro, luizi handiak eraginda
Richter eskalako 6,5 graduko lurrikara izan da, eta gutxienez 10 hildako utzi ditu. Fiji uhartean ere beste lurrikara bat jazo da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lombok uharte turistikoan (Indonesia) beste lurrikara bat bizi izan dute abuztuaren 19 honetan. Gogoratu beharra dago berriki, abuztuaren 5ean beste lurrikara bat izan zutela eta 460 hildako eta 7.733 zauritu izan zirela Lomboken.
Richter eskalako 6,5 graduko lurrikara izan da, eta gutxienez 10 hildako utzi ditu. Gainera, luizi handiak sortu ditu, eta horiek aztertzen ari dira hondamendi gehiagorik ekiditeko asmoz.
Rinjani mendiaren maldetan jazo dira luiziak, uhartearen erdialdean. "Menditik haitz handiak erori dira, eta horrek hauts handia eragin du", Sutopo Purwo Nugroho Hondamendiak Kudeatzeko Agentzia Nazionaleko Informazio zuzendariak jakinarazi duenez.
Lur-mugimendua ere Fijin
Bestalde, Richter eskalan 8,2ko lurrikara bat izan da gaur goizean Pazifikoan, Fiji eta Tonga uharteen artean. Ondoren, 6,8 eta 6,3ko beste bi mugimendu ere sentitu dira.
Agintariek, dena dela, ez dute tsunami alertarik ezarri eta ez dute zaurituen nahiz kalteen berri eman.
Inguru horretan ur azpiko sumendi asko daude eta ohikoa da 5 puntu baino handiagoko lurrikarak izatea.